Aroa Arrizubietak irabazi dau Abra Saria
2018-02-13 12:41 BertsolaritzeaBuruz burukoa Beñat Mujikagaz jokatu dau.
Algortako ALBE bertso-eskoleak antolatuta, barikuan jokatu zan Bertsolari Gazteen XVII. Abra Sariketea, La Dupla jatetxean. Hirurogei bertsozale inguru entzule zirala, honeek izan ziran finalistak: Beñat Mujika, Ander Ucelay, Aroa Arrizubieta, Lurdes Ondaro, Kerman Diaz eta Mikel Lasarte. Gai-jartzaile eta aurkezlea, barriz, Imanol Uria izan zan.
Lehenik zortziko handian eta gero txikian binaka kantau eben, puntu-erantzunetara pasau aurretik. Barriro binaka, koplatan trikitixearen laguntzinoagaz kantau eben. Horreetan lau ariketetan onenak izan ziranez, Aroa Arrizubieta eta Beñat Mujika buruz burukora pasau ziran.
Azken txanpa horretan, Mainontzi neurrian binaka kantau eben Arrizurietak eta Mujikak eta kartzelan ariketa bi egin behar izan zituen: lehenik sensazino bat sentiduarazo behar izan eutsien entzuleari eta ondoren gai baten inguruan hiruna bertso bota. Azkenean, epaileek Arrizubietari emon eutsien txapela.
Azkenaldion bertsolari gazteen artean nabarmendu da Aroa Arrizubieta arabarra. 2017ko udan, Eskolarteko Txapelketea irabazi eban eta orain Abra Sarian jantzi dau txapela.
Barikuko saioan, epaile lanetan Eneko Bidegain, Ainhoa Aizpurua, Martin Aramendi eta Joseba Santxo ibili ziran eta idazkari, Arkaitz Gomez.
Puntuazinoak ondokoak izan ziran:
Aroa Arrizubietak 457,50 puntu (282 puntu + 175,50 puntu).
Beñat Mujikak 431 puntu ( 279 puntu + 152 puntu).
Lurdes Ondarok 274,50 puntu.
Mikel Lasartek 274 puntu.
Kerman Diazek 272 puntu.
Ander Ucelayk 269 puntu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!