Aroa Arrizubietak lehenengoz eroan dau Arabara Euskal Herriko Eskolarteko txapela

Bizkaie! 2017-06-12 08:52   Bertsolaritzea

Joanes Illarregi leitzarra izan da txapeldunordea Saran egindako txapelketan.

200 lagun inguru batu ziran zapatuan, Sarako trinketean Euskal Herriko eskolarteko bat-bateko finala jarraitzeko asmoagaz.  Txapelketea goizeko 11:00etan hasi zan eta zazpi lurraldeetako ordezkariek hartu eben parte XXIX. edizinoan. Zozketeak agindutako ordenean: Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001), Julene Etxeberri Pacheco (Sara, 2001), Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000), Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo, 1999), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun, 1999) eta Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) izan ziran oholtza ganean. Euren jarduna gidatzen Pantxika Solorzano ibili zan eta epaile lanetan, barriz, Aitor Jimenez, Leire Etxebarria, Elisa Iztueta, Lierni Elorza, Saioa Mitxelena eta Iban Thicoipe.

Lehena bertsolari guztien agurrak izan ziran, ostean, zortziko handian eta txikian ibili ziran binaka; parte-hartzaile kopuru bakoitia ziranez, hiruko ofizioren bat be izan zan. Finalaren bigarren zatirako sei bertsolari sailkatu ziran: Oihana Arana, Aroa Arrizubieta, Elixabet Etxandi, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Jokin Irastorza.

Puntu erantzunetan eta bakarkakoan ibili ziran, eta agurraren ondoren, epai-mahaiaren ebazpena heldu zan: Aroa Arrizubieta gasteiztarrak irabazi dau aurtengo Euskal Herriko Eskolartekoa; Joanes Illarregi leitzarra, bariz, bigarren sailatu da. Amets Arzallusek, Euskal Herriko egungo bertsolari txapeldunak jantzi eutson txapela Arrizubietari. Lehenengo aldia da arabar batek irabazten dauela eskolarteko txapelketea.



Txapelketearen ostean, Lur Berrin batu ziran parte-hartzaileak eta bertsozaleak bazkaltzeko, jai giroan.

Aurtengo edizinoko bertsolariek Ahots baten sormen egonaldian parte hartzeko aukerea izango dabe. Gabonetan egiten dan egonaldi honek ahozko euskal kultura adierazpideak lantzen ibilten diran gazteak batzen ditu: bertsolaritzea, antzerkia, kantagintzea eta literaturea. Horrek ganerako sortzaileakaz harreman sareak egiteko eta sorkuntzarako beste bide batzuk esperimentetako aukerea eskaintzen deutsie.

Egonaldiaz gan, material sortea be jaso eben parte-hartzaileek Oier Arbina, Nahia Sasco, Xan Alkhat, Malen Amenabar, Iker Gorosterrazu, Kristina Mardaras eta Maider Arregi bertsolarien eskutik; Sarako bertso-eskolearen eta Olhain ikastolearen izenean, Mikel Cottave-Parachouk eta Sebastian Zamorak sariak banatu zituen, eta Sarako alkateak be, Jean-Baptiste Labordek, igon eban oholtzara. Azkenik, alkarte antolatzaileen ordezkariek, Bertsozale Alkarteko Iñaki Muruak eta Ikastolen Alkarteko Koldo Tellituk sari bana emon eutsien.

Argazkiak: Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu