Goyaren artelanak, Pradotik Bilbora
2018-02-13 12:31 KultureaBilboko Arte Eder Museoak Goya eta Gorte ilustradua erakusketea zabaldu dau.
Madrilgo Prado Museoak itxitako koadroei esker osotu ahal izan dabe Bilboko Arte Eder Museoko erakusketa barria, XVIII. eta XIX. mendeetako artista espainiarrik handienetako bati eskainia. Ganera, Bilbon bertan egon diran obrak eta beste hainbat museo eta bildumatatik ekarritakoak dagoz. Guztira, 96 pieza dira, Goyarenak eta haregaz lanean ibilitako beste artista batzuenak. Aragoiko artistea Madrilgo Gorteko pintore izan zaneko urteen monografikoa da Goya eta Gorte ilustradua.
Francisco de Goya 1746an jaio zan Fuendetodos herrian, Zaragozatik hur. Madrilera 1775ean heldu eta ehizearen inguruko koadroak eta tapizak margotzen hasi zan. Pixkanaka, Gortean lekua egin eta, 1786an, Erregearen margolari izentau eben eta 1799an, Ganberako margolari nagusi. Sasoi haretakoak dira Goyaren obra ospetsuenetako batzuk, tartean Karlos III.a eta IV.a erregeen eta haren senideen erretratuak.
Hori dala eta, erakusketako obra asko erretratuak dira, Gorteko persona nabarmenei egindakoak, baina baita herritarren estanpak be, sasoi haretako ideen arabera eginak. Bilboko Arte Eder Museorako berenberegi, ganera, Gorteko euskal pertsonaien erretratuen bildumatxu bat batu dabe. Cabarrusko kondea, Urrutia generala, San Adriango markesa... euskal jatorriko persona nabarmenak agiri dira hamaika koadrotan.
Erakusketearen beste alderdi interesgarri bat Goyak idatzitako eskutitzak dira. Martin Zapater lagun minari idatzitakoak dira eta, erakusketako arduradun Manuela Menak azpimarratu dauenez, Goyaren nortasun intimoa ikusten da hor, artistearen atzean dagoan personearen ikuspegia eta kezkak. Jentaurrean sekula agertu bakoak dira gutun gehienak. Erakusketearen leit-motiv edo loturea dira, dino Menak.
Koadroei jagokenez, ibilbidea sei ataletan banatu dabe Manuela Mena eta Gudrun Mauren komisarioek. Artelan gehienak Prado Museoak itxitakoak dira, batzuk oso ezagunak: Oilo itsua, Mahats-biltzea... Goya genioa dala uste dau Menak, baina alboan jarri deutsiezen beste autoreen lanak be txukun geratu dirala uste dau, estilo eta sasoi berekoak diralako.
Ilustrazinoko Espainiako Gortea ulertzeko giltzarria da Francisco de Goyaren obrea, Bilboko erakusketan garbi ikusten danez. Batez be, sasoi haretako ikuspegiaren aldaketea aitatu dau Menak. Izan be, errege-erreginak herriagandik hurrago egoteko ahalegina egiten hasi ziran. Lehenengo aldiz, herritar arruntak agiri dira koadro batzuetan. Era berean, emakumeak ikusteko modu barria be nabarmena da Goyaren lanetan.
Bestetik, Goyak persona bakotxaren aldartea atrapetako eukan trebetasuna azpimarratu dau Menak. Koadroetako detaileen eta modelo bakotxari emondako arpegikeren bidez, hareen barruko mundua agirian ixteko trebea zan. Dana dala, Menak gogoratu eragin dau, sarri zabaldutako ustearen kontra, Goyak ez ebala inor epaitzen, ikusten ebana marrazten eban, deskripzino hutsa dira bere koadroak. Hartara, Karlos IV.aren familiari egindako erretratuetan kritika ezkutuak dagozala esaten dauen ustea ez dala zuzena dino Menak.
Kontuak kontu, Miguel Zugaza Arte Eder Museoko zuzendariaren esanetan, Goyari buruzko lehenengo erakusketa handia da honako hau Euskal Herrian. Pradok itxitako maisulanen kalidadea azpimarratu dau Zugazak, baita museo bien arteko alkarlana be: Mailegu honen bidez, obrak itxi deuskuez, baina jakintzea be bai, eta Goyaren inguruan jakintza handia daukie Pradon.
Gorteko euskal personaien koadroak dirala eta, Madrilgo Gorteak gure lurretan izan eban zabalkundea erakusteko aproposak dirala uste dau Zugazak, euskaldunek be ekarpen zabala egin eben. Manuela Menaren esanetan, Goyak euskal pertsonaiei egindako hamaika erretratuak ikusgarriak dira.
Museoko 1. aretotik 13.era bitartekoak hartzen ditu erakusketeak eta maiatzaren 28ra arte ikusi ahal izango da. Goya bakarra da, munduko artean gitxi dagoz bera lakoak, adierazo dau Menak. Ganera, azken urteotan Goyaren ospea handitzen doala dino Miguel Falomir Prado Museoko zuzendariak, gaurkotasun handia dauka eta artista garaikide askoren erreferentzia da.
2018/02/14 - 2018/05/28
Bilboko Arte Eder MuseoanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!