Diman izango da Udalerri Euskaldunen Eguna

Bizkaie! 2018-02-13 09:27   Euskerea berbagai

Maiatzaren 26an egingo dabe, UEMAk antolatuta.

2016ko Udalerri Euskaldunen Eguna, Leitzan (argazkia: UEMA) | Ikusi handiago | Argazki originala

UEMAk eta Dimako Udalak alkarlanean antolatuko dabe 2018ko Udalerri Euskaldunen Eguna, Arratiako beste udal batzukaz eta Dimako alkarte eta eragileen laguntzinoagaz. Aurtengo hitzordua maiatzaren 26an izango da eta egitarau oparoa atonduko dabe, izan be, UEMAko herriak batzeaz harago, ganerako udalerri euskaldunen topagune be izaten da egun hori.

Lehen, urtero-urtero antolatzen eban UEMAk Udalerri Euskaldunen Eguna, baina orain dala urte bi hori aldatzea erabagi eben. Harrezkero, urte birik behin da hitzordua eta ospatzen ez dan urteetan udalerri euskaldunen inguruko jardunaldiak eratzen ditue. Txandakatze horretan, 2018an Udalerri Euskaldunen Eguna egitea egokitu da eta, betiko legez, UEMAren parte dan herri bat aukeratu dabe, kasu honetan Dima.

Dima 2016tik da UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeko kide. Hain zuzen be, urte haretan egindako Udalerri Euskaldunen Egunean onartu eben, Legorreta eta Ziortza-Bolibarregaz batera. Leitzan egin zan 2016ko ospakizuna.

Udalerri Euskaldunen Egunagaz batera, mankomunidadearen batzar nagusia be egingo dabe maiatzaren 26an, Diman bertan. UEMAko kide diran 85 udalerriek aukeratutako udal ordezkariek osotuten dute UEMAren batzar nagusia, eta mankomunidadearen organu gorena da. Biztanle kopuruaren arabera, herriek ordezkari batetik bost ordezkarirainoko parte-hartzea dabe batzar nagusian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu