Gaur hasiko da Auzoz-Auzo, Musika-Música-ren atarian
2018-02-13 08:15 MusikeaBilboko barruti guztietara helduko dira kontzertuak eta jarduera didaktikoak.
Martiaren 1etik 4ra bitartean egingo dau Bilbao 700 Fundazinoak XVII. Musika-Música Euskalduna Jauregian, Gerrartean (1914-1945) izenburupean. Horren aurretik, baina, Auzoz-Auzo zikloa antolatu dabe, gaur, martitzena, hasita. Bilboko auzo guztietara Musika-Música-ko edukiak eroatea da asmoa, herritar guztiek kalidadezko eskaintza musikala izan deien. Aurreko urteetako publikoaren erantzun ona ikusita, hirugarren urtez egingo dabe Auzoz Auzo.
Kontuak kontu, zezeilaren 24ra arte, uriko zortzi barrutietako hainbat auzo-etxe eta eraikin kulturaletan makina bat emonaldi egongo dira, doban. Guztira, hamaika hitzordu dira, Castaños, Santutxu, Errekalde eta Otxarkoagako udaltegietan, Casilda Iturriza parkean, EHUren Sarrikoko fakultadean, Basurtuko ospitalean eta abar.
Errepertorioari jagokonez, Musika-Música-n martian entzun ahal izango diran konpositoreak dagoz Auzoz-Auzoko egitarauan, hau da, Ratxmaninov, Prokofiev, Stravinsky, Sibelius, Fabra... Euskaldunako kontzertuetan joko dabenaren lagin bat eroango dabe auzo bakotxera.
Era berean, bestelako jarduera batzuk be atondu ditue, musikeagaz lotutakoak, berbarako, 5 eta 10 urte bitarteko neska-mutilentzako tailerrak. Ipuin kontalariak eta zuzeneko musikea buztartuko ditue beste saio batzuetan eta familia osoarentzako aproposak diran kontzertuak be badagoz aukeran. Egitaraua osotzeko, bakarizketak eta berbaldiak be sartu ditue.
Umeen tailerretan parte hartzea doban da, baina aurretik izena emon behar da, musikamusica.ekitaldiak@gmail.com helbide elektronikoan. Ganerako jarduera eta kontzertuak be doban dira.
Gaur, hilak 13, Sarrikoko unibersidadean ekingo deutsie aurtengo Auzoz-Auzo programeari; bakarrizketea egongo da 12:00etan. Castañoseko udaltegian, ostera, umeentzako sormen tailerra hasiko da 18:00etan.
Auzoz-Auzoko egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!