Gerren arteko doinuak, Musika-Música-n

Dabi Piedra 2018-02-07 12:56   Musikea

Martiaren 1etik 4ra, 70 kontzertu baino gehiago egongo dira Bilbon.

Juan Mari Aburto eta Josune Ariztondo | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao 700 Fundazinoak antolatzen dauen Musika-Música-k Europaren historiako sasoirik gorabeheratsuenetako bat jorratuko dau aurten, Lehen eta Bigarren Mundu Gerren arteko urteak hain zuzen. Zehatz esanda, 1914 eta 1945. urteen arteko tartea; kontinente zaharrera aldaketa sakonak ekarri zituan garaia izan zan, ez beti modu paketsu eta pozgarrian, baina, edozelan be, sorkuntzearen aldetik autore esanguratsuak emon zituan.

Musikea goitik behera aldatu zan XX. mendearen lehenengo zatian: Gramofonoak eta irratiak ugaldu ziran, soinudun zinemea asmau eben... Musikea sortu eta kontsumiduteko moduak aldatu ziran. Testuinguru horretan, jardun eben Musika-Música jaialdiak gogoratuko dituan konpositoreak: Ratxmaninov, Prokofiev, Stravinsky, Sibelius, Falla eta abar. Euskal konpositoreak be badagoz programan: Ravel, Guridi...

Poztasun eta suntsipenezko urteak izan ziran hareek, azaldu dau Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Bilbao 700 Fundazinoko presidenteak. Musikea itxaropenaren aldarri bihurtu zan. Inperio handiak desegin ziran Lehen Mundu Gerrearen ondorioz eta nazino barriak agertu ziran mapan. Austria-Hungariako inperio zaharraren errautsetatik sortu ziran estadu eslaviar ugari eta, Vienako poterea ahaztuta, konpositore ugari agertu ziran han.

Hain zuzen be, autore eslaviar horreek izango dira egitaraua osotuko daben hiru moltsoetako bat, Bilbao 700 Fundazinoko zuzendari Josune Ariztondok azaldu dauenez. Beste moltso bat Eskandinaviako herrietako konpositoreena da (Sibelius, Nilsen...), hango herrialde askotan be sasoi haretan lortu ebelako independentzia. Hirugarren moltsoa Europa hegoaldekoa da: Falla, Guridi, Ravel eta abar.

Lehen Mundu Gerrea amaitu izanaren poza eta hurrengo gatazkearen ikarea nahastau ziran gerren arteko sasoi haretan. Musika-Música-ko arduradunek gogora ekarri dabenez, konpositoreek be euren narruan jasan eben sasoi ezegonkor ha: Jaialdian izango doguzan konpositore askok kartzelea eta erbestea ezagutu zituen, baina inoz ez eben sorkuntzea alboratu, esan dau Aburtok.

Kontuak kontu, goi mailako sortzaile horreen doinuak joteko, maila bikaineko musikariak ekarriko ditue martiaren 1etik 4ra Bilboko Euskalduna Jauregira. Danetara, 1.500 artistak igongo dabe oholtzara, 70 emonaldi baino gehiagotan. Prezio herrikoiak jarrita (4 eta 12 euro bitartean, aretoaren arabera), herritar guztiei dei egin deutsie musikarik onenaz disfrutetako. Bihar, hilak 8, hasiko dira sarrerak saltzen.

Lehenengo egunean, martiaren 1ean, kontzertu bakarra egongo da, baina berau nabarmena: Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Koralak eta Easo abesbatzeak parte hartuko dabe, Johanna Russanen sopranoagaz, Kevin Greenlaw baritonoagaz eta Erik Nielsen zuzendariagaz batera. Jean Sibelius finlandiarraren Kullervo opus 7 interpretauko dabe.

Jarduera osogarri ugari be egongo dirala argitu dabe antolatzaileek. Esate baterako, Arteen Besarkada zikloan, musikea beste sorkuntza artistiko batzukaz hartu-emonean ipiniko dabe: Zinemea, literaturea, jantzea eta antzerkia. Jaialdiaren data ofizialen aurretik, zezeilaren 28tik martiaren 1era, ikastetxeetako neska-mutilentzako saio didaktikoak egongo dira.

Ganera, Bilboko Udal Txistulari Bandeak emonaldi berezia eskainiko dau. Juan Mari Aburtoren esanetan, euskal memoria musikala gogoan antolatutako kontzertua da: XX. mendeko euskal konpositore askok txisturako piezak sortu zituen

Era berean, zezeilaren 13tik 24ra, Bilboko erdigunetik eta Euskalduna Jauregitik aterako dabe Musika-Música, Auzoz Auzo programeari esker. Herritar guztiei kultura musikala hurreratzeko asmoz, dagoeneko hirugarren urtez antolatu dabe zikloa. Hamaika emonaldi dagoz egitarauan, bakotxa Bilboko txoko baten: Errekalde, Otxarkoaga, Castaños eta Santutxuko udaltegietan, Basurtuko ospitalean, Casilda Iturriza parkean, Sarrikoko fakultadean eta beste leku batzuetan.

Era horretara, musikeak hartuko dau Bilbo hurrengo asteetan eta goia joko dau martiaren 1etik 4ra bitartean. Igaz 35.000 entzule izan zituan Musika-Música-k eta aurten be jente ugari erakarteko moduko egitaraua dakarre. Musikearen eta pakearen aldeko aldarria izango da aurtengoa, gerren arteko sasoietako pentsamendua gogoan. Hori dala eta, kartelean pakearen txoriaren eta pianoaren tekla baten arteko nahastea dan ikurra agiri da.

Aurten, XX. mendean bete-betean sartuko gara, nabarmendu dau Josune Ariztondok: Neguko jaialdi kulturalik garrantzitsuena da Euskadin, Juan Mari Aburtok adierazo dauenez, zaleak ez eze, adituak be hurreratzen jakuz, maila honetako kontzertuak entzuteko aukera gitxi izaten dituelako.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu