Epaile izateko ikastaroa antolatu dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteak

Bizkaie! 2018-02-12 10:00   Bertsolaritzea

Iñaki Aurrekoetxeak gidatuko dau saioa, hilaren 22an.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

Laster jokatuko diran txapelketa eta sariketei begira, formakuntza ikastaroak eskainiko ditu Bizkaiko Bertsozale Alkarteak. Batetik, epailetza ikastaroa antolatu dau, zezeilaren 22rako, bertsoak epaitzeko moduari buruz gehiago jakin zein jardun horretan hasi nahi dabenentzat aproposa. Ikastaro laburra izango da, ordu bikoa.

Txapelketa ugaritan epaile ibilitako Iñaki Aurrekoetxeak gidatuko dau ikastaroa. Bertsozale Alkarteak Durangon dauen egoitzan izango da, 18:00etatik 20:00etara. Doban parte hartu leiteke, baina aurretik izena emonda, 94 681 27 11 telefono zenbakian edo bizkaia@bertsozale.eus helbide elektronikoan.

Era berean, gai-jartzailetzearen inguruko formakuntzea egin eban joan dan astean Bertsozale Alkarteak, Maite Berriozabalek gidatuta. Kasu horretan, batez be, barruko formazinoa izan zan, aurtengo txapelketa eta sariketetan dabizanentzat. Bertsolari Gazteen BBK Sariketea eta Eskolartekoa hastear dagoz eta Bizkaiko Txapelketea be ez dago urrun.

Hiru txapelketa eta sariketa horreetan gai-jartzaile izango diranak batu ditue Durangon, gaiak zelan landu eta saioak zelan aurkeztu hobeto jakin daien. Horrezaz gan, bertso eskolaren edo bestelako talderen batek gai-jartzailetzako ikastaroa antolatzeko asmoa badau, eurakana jo leikela gogoratu eragin dabe Bizkaiko Bertsozale Alkarteko kideek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu