Euskerearen erabilerea errazteko baliabideak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2018-02-08 13:17   Euskerea berbagai

Lexikoaren eta terminologiaren alorrean lagunduko dabe Jaurlaritzeak bultzatutako 13 baliabideek.

Tabakaleran egindako aurkezpena (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak tresna edo baliabide multzo barria aurkeztu dau, euskerearen erabilerea bultzatzeko. Donostiako Tabakalera zentroan egindako aurkezpenean, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak honako tresnak aurkeztu ditu: Elhuyar Hiztegiaren bersino barria, hiztegi digital horren aplikazino barriztua, bederatzi hiztegi terminologiko, Hiztegibar plug in-a eta Hizketa ereduak argitalpenaren aplikazinoa gailu mobikorretarako. Baliabide horreek, batez be, lexikoaren eta terminologiaren ikuspegitik lagunduko deutsie euskerea erabili nahi dabenei.

Honeek tresna guztiak hainbat erakunde, eragile eta aditugaz batera landu diranez, Donostiako aurkezpenean arlo askotako kideek parte hartu dabe. Sailburuordegaz batera, honeek egon dira: Maite Iruretagoiena, IVAPeko zuzendaria; Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Joseba Barrena, Euskotreneko Hizkuntza Normalizazinoa eta Genero Politika arduraduna; Mario Goffard, BECeko Marketing eta Komunikazino arduraduna; Josu Aztiria, Elhuyar Fundazinoko kidea; Gontzal Lopez, Osakidetzako Euskera Zerbitzuko kidea; Iñigo Mendiola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapena eta Turismo Saileko kidea; Arantxa Bodego, geologoa eta EHUko irakaslea; eta, azkenik, Maite Goñi, Mondragon Unibersidadeko irakaslea.

Miren Dobaran sailburuordeak euskerea arlo guztietan erabilteak dauen garrantzia nabarmendu dau: Hainbat baliabide barri dakarguz eta beste urrats txiki bat emongo dogu euskerearen erabilerea gure eguneroko arlo guztietan normalizetan jarraitzeko. Euskerearen bizibarritze prozesuak eten barik eskatzen deusku pauso barriak egitea eta esparru guztietara ailegatzea. Erreminta honeen bidez errazagoa izango da.

Hamahiru baliabide barrien artean, Elhuyar Hiztegi digital ezagunaren azken bersinoa aurkeztu dabe. Tresna hau 2000. urtetik dago erabilgarri Eusko Jaurlaritzearen webgunean. Euskerazko webgunerik bisitatuenetan bigarrena da, 2017an 8.887.226 bisita izan zituan. Edukia barriro eguneratzeaz gan, datu-basearen formatua eta interfazea aldatu ditue.

Webgunea barrizteagaz batera, Elhuyar Hiztegiaren aplikazinoa erabarritu dabe. Orain arte egon diran aukera biak (dobakoa eta ordainpekoa) batu eta app modernoago baten bidez erabili leiteke. Hor bilaketak konexino barik egin leitekez.

Era berean, Eusko Jaurlaritzeak bederatzi hiztegi terminologiko barri aurkeztu ditu. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta IVAPek finantzau ditue hiztegiok, eta UZEIk egin ditu. Behin hiztegiak amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eratutako batzorde tekniko batek aztertu dau hiztegi bakotxa.

Hiztegi terminologikoon bidez, Euskalterm terminologia-banku publikoa elikatu dabe. Ahalik eta jakintza-eremu gehienetako hiztegiak egotea da egitasmoaren helburuetako bat. Dagoeneko 58 hiztegi eta lan berezi bat onartu ditu Jaurlaritzeak, eta danak dagoz Euskaltermen (ikusi eta deskargau hemen).

Gaur aurkeztutako bederatzi hiztegi terminologikoen gaiak honeek dira: Traumatologia, Hiesa, Menpekotasuna, Garraioa eta Logistikea, Azokak eta jentaurreko ikuskizunak, Ehiza eta arrantzea, mineralak, sare sozialak eta telefonia.

Azkenik, Internet Explorer-erako eta Chromerako Hiztegibar tresnearen plug-in-a aurkeztu dabe. Euskerearen inguruko hainbat baliabide batzen ditu barra-tresna horrek. Ganera, Hizketa ereduak argitalpena be aplikazino bilakatu da Eusko Jaurlaritzearen ekimenez. Egunerokoan erabilten diran alkarrizketak batzen dira hor.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu