Euskaltzaindiaren Hiztegiko 446 sarrera barrikusi ditue
2018-02-08 08:19 Euskerea berbagaiHorrezaz gan, 31 sarrera eta azpisarrera barri dagoz.
Abenduko bilkuran zuzenketak jaso eta gero, urtarrilaren 26ko batzarrean onartu zituan Euskaltzaindiak Hiztegiko aldaketak. Hartara, 446 sarrera moldatuta agiri dira dagoeneko Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bersino elektronikora jo ezkero. Erabiltzaileak, ganera, 31 sarrera eta azpisarrera barri topauko ditu.
Asko eta asko izan dira hilabeteotan landutako gaiak, baina arreta berezia jarri jako genero-bardintasunaren kontuari, azaldu dau Akademiak ohar baten. Hiztegiaren lehenengo itzulitik etozan sarrerak dira moldatutako gehienak, eta gizartea aldatuz doan legez, forma horreen definizinoak be aldatu egin dira.
Familia barruko hartu-emonen inguruko kontzeptuak eguneratzen arreta handia ipini dau Euskaltzaindiak, berbarako, aitaginarreba berbearen esangurea aldatzea da proposamenetako bat, izan be, orain arte, senarraren aita emaztearentzat, edo emaztearena senarrarentzat izan da Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotako azalpena. Aurrerantzean, honako hau izango da: Ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat.
Bestetik, Hiztegian sartu dituen 31 sarrera eta azpisarreren artean, era askotako berbak dagoz: Ahatzarazi, deflazio, errate, ezpainestu... sarreren kasuan. Amilotx urdin, ekaitz magnetiko, gutxi batzuk, haratago, kultura aniztasun/kultura-aniztasun eta abar dagoz azpisarrera barrien artean.
Euskaltzaindiaren Hiztegia 2016ko urrian sareratu eben lehenengo aldiz. Ondoren, beste berba asko sartu, osotu eta zuzendu ditue, izan be, urtean bi aldiz eguneratzeak egiteko asmoa dau Akademiak. Azken bersino elektroniko honetan, 37.894 sarrera, 6.969 azpisarrera eta 61.499 adiera dagoz guztira.
2018ko zezeilean sartutako aldaketak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!