Larrepetit taldea bueltan da 'Zuhaitz horiek' izeneko diskoagaz

Bizkaie! 2018-02-07 10:56   Musikea

Hogei urteko geldiunearen ostean, arabarrek zortzi abestiz osotutako lana ondu dabe.

Orain dala hogei urte sortu eben Larrepetit taldea Igor Arzuagak, Gile Iturriondobeitiak eta Aritza Ortuzarrek Areta herrian. Arzuagaren etxeko musika-gelako pianoaren inguruan, bateria eta baxuaren anplifikadorea atondu eta arrastiak emoten zituen idatzitako abestiak soinu naturalez jazten.

Hirukoak kantuak grabau zituan Smog izeneko maketan sartzeko asmoz. Lan horrek, baina, ez eban argia inoz ikusi. Ordutik hona, maketa haren grabazinoa erreferente izan da musikari arabarrentzat.

Hamarkada biren ostean, Arzuagak, Iturriondobeitiak eta Ortuzarrek barriro batzea erabagi eta orain bai, Zuhaitz horiek (Gaztelupeko hotsak) izeneko LP-a dakarre eskuartean.

Jatorrizko hirukoteak hainbat musikariren laguntzinoa izan dau diskoa grabetako orduan: Laura Pelayo (flautea), Julen Iarritu (Saxofoia), Nando de la Casa (Teklatuak) eta Josu Garaita (Abotsa ezkutatuta dagoan abestian).

Danetara, zortzi kantu batu ditue Zuhaitz horiek lanean eta pop, jazz eta folk doinuak nagusitu dira. Piezetako batzuk Smog maketarako grabau zituenak dira. Abesti zein berba guztiak Arzuagak idatzi ditu eta Gasteizko Kultura & Natura estudioetan grabau dabe diskoa. Beste alde batetik, Laudioko musikariak bere bakarkako lehen diskoa kaleratu eban igaz Nire begiak izenpean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu