Igor Arzuaga: 'Publikoagaz enpatia izatea oso garrantzitsua da'

Dabi Piedra 2017-09-04 08:02   Barriketan

Musikaria.

Goizaldeko ordu txikietan altzau eta inspirazinoa topetan dau Igor Arzuaga musikari arabarrak. Nire begiak (Gaztelupeko Hotsak) disko barriko abestiak be holan jaio ziran. Bederatzi kantuko bilduma hau oso personala da, ohiko taldetik aparte sortu dauelako eta barru-barrutik urtendako sentimenduak agirian itxi ditualako. Izenburuak dinoan legez, publikoari begietara begiratzea gustoko dau Arzuagak.

Eskarmentu luzea dauka musikearen munduan: Gazte-gaztetan Exkixugaz hasi, Mikel Urdangarinen alboan jo eta azken urteotan hainbat disko kaleratu ditu, bakarka zein beste musikari batzukaz alkarlanean. Hain zuzen be, hurrengo proiektua bere taldeagaz, Larrepetitegaz, sortzeko asmoa dauka.

 

1.- Bakarrik ibili zara disko hau sortzen eta Nire begiak izenburua emon deutsazu. Proiektua zeure-zeurea da, ezta?

Personala da, batez be, planteamenduaren aldetik. Pianoa bakarrik erabilita zeozer grabetea izan da nire asmoa. Zer nahi neban jakiteko gogoetea egin neban eta, ganera, abestiak sortzen hasten nazenean metodo horrek funtzionetan dau. Nire begiak izena emon deutsat diskoari intimotasunean sakondu dodalako, neure begietatik ikusi dot munduan jazoten dan guztia. Nire ikuspuntu horretatik egin dot gogoetea munduko jazoerez, sinatzeko modu bat da izenburua.


2.- Pianoa eta ahotsa dira diskoaren ardatzak, zer emoten deutso sinpletasun horrek?

Modu horretara pilo bat igarten da zelakoa dan musikea egiteko nire modua. Gauzak egiteko modu bat aldarrikatzen dot. Egia da ez dala oso disko komertziala, baina disko honetan berba egiteko modu bat topau dot, pentsetako modu bat, norberak bere burua holan adierazotea erabagiten dauenean bere arriskua dauka. Ez naz intimotasunaren kontzeptuaren, berba horren oso laguna, baina onartu behar dot nahikoa intimoa dala diskoa, azken finean nire izakerea adierazoten dau, musikearen inguruan dodan ikuspegitik. Musikea orokorrean zelan ulertzen dodan agertu ahal izan dot eta musikearen lengoaian sakondu dot, oso aberasgarria izan da.


3.- Batez be gauez sortzen dozu musikea, zer topetan dozu ordu horreetan?

Gaueko ordu txikietan altzetan naz eta une horretan soinuak hobeto ikusten dodaz, askoz garbiago ikusten dot sortu nahi dodana. Gaueko ordu horreetan ez daukat errealidadearen zentzu zorrotzik eta libre sentiduten naz. Begitantzen jat ordu horretan mundua geldirik dagoala, beti bizi izan dot holan. Normalean goizaldeko 03:30ean altzetan naz, konposatu behar badot zein ez, zeozerk izartuten nau ordu horretan, orduan egiten dodaz nire gogoeta personalak eta baita nire lan sortzailea be.


4.- Nire begiak diskoan bederatzi kantu sartu dozuz. Zelakoak dira?

Hari zuzentzaile bat daukie danek, esango neuke abesti bakotxak ez daukala zentzunik besteak barik. Ganerakoan, desbardinak dira guztiak, egiteko eran dira antzekoak. Danak dagoz eginda antzeko modu baten, lotsea emoten deust hau esateak, baina ezkerreko eskuagaz sortu dodaz. Holan, kantuak idazteko metodoa asmau dot, eskumeagaz musikea joten dodan bitartean, melodiak eta berbak lantzen. Bertsolariaren moduan ibili naz, melodiei berbak topetan; metodo hori ardatz hartuta, kantuak batzen dituan kontzeptu orokor bat sortu da, disko kontzeptuala da, abesti batek besteak barik ez daukalako zentzun handirik.


5.- Gordeta izan doduzan kantu guztien artean ez ei dozuz onenak aukeratu diskorako, barrienak baino...

Ikusten dot sortzaileok ibilten garela arrakasta handiko kantuak sortu nahian, baina horrek ez dauka zentzun askorik niretzat. Esaterako, nik poeta baten lana irakurten badot, ez dot bakarrik bilatzen kristolako poesia idaztea, balio behar deust jakiteko poeta horrek une honetan zelan bizi dauen bizitzea. Ez jat interesetan beste sortzaileen lana, onena bakarrik erakusten badabe. Azkenean, ederren agertzen zaren argazkia aukeratzea modukoa da, eta horretan ez daukat interesik. Nahiago dot erakustea momentu honetan zelan bizi dogun geure bizitzea. Honeek abestiok sortu nituan eta pentsau neban, nire azkenenengo kantuak ziran ezkero, diskoa momentu honetan kleratzea, bizitzea orain zelan ikusten dodan agiri da.


6.- Orduan, diskoetan sartu ez dozuzan abesti zaharragoakaz zer egiten dozu?

Beti esaten dot lorak zimeldu egiten jakuzala batzuetan eta beharbada gogoratzen dogu norentzat ziran horreek lorak baina hori ez da garrantzitsuena, zimeldu egin dira eta. Nire diskoa bizirik dagoala begitantzen jat, hori gustuko dot, ez da zimeldutako loreen modukoa.


7.- Diskoa maiatzean aurkeztu zenduan, zuzeneko kontzerturik joteko asmorik badozu?

Oraindino ez dot disko hau zuzenean aurkeztu, baina ez deust ardura. Oso azalekoa begitantzen jat diskoa atera dozunean zuzenekoetan aurkeztu beharra. Ez dot uste gauza ona danik, nik diskoa liburua balitz legez kaleratzenn dot ia-ia. Alkarrizketak egiten dodaz, aurkezpenak be bai, eta hortik lortzen dodan feedbacka nahikoa izaten da niretzat. Halandabe, disko honetan dagozan abesti batzuk gehituko deutsadaz nire ohiko zuzeneko errepertorioari.


8.- Disko hau aurkezteko kontzerturik jo ez dozun arren, lantzean behin igoten dozu oholtzara. Zelako hartu-emonak bilatzen dozuz publikoagaz?

Kritikoa naz gaur egungo ereduagaz, begitantzen jat kontzertuetara konsumidutera baino ez garela joaten. Jaso nahi dogunaren truke pagau eta musikariaren ardurapean ipinten dogu nahi doguna emon beharra. Neurri baten normala da hori, baina oso era konsumista baten egiten dogula uste dot. Oholtza ganean eta behean dagozanen artean gauza parekide bat litzateke onena; orduan, niren kontzertuetan, jenteagaz holako feedback bat jasotea bilatzen dot, jentearen begietara begiratu eta jakiten dot ia jazoten dabilena neugaz bat datorren ala ez. Publikoagaz enpatia izatea oso garrantzitsua da, kontua ez da ikuskizun bat antolatzea, batez be ni ez nazelako antzerkigilea, ez daukat gidoirik. Nik abesti batzuk daukadaz eta horreen bitartez ahalegintzen naz jenteagaz kontaktua egiten, publikoarentzako sensazinoak sortzen.


9.- Beste proiekturik badozu orain esku artean?

Bai, orain taldeagaz nabil lanean ze, niretzat, taldean lan egitea oso atsegina da. Besteen eretxiak daukazuz, esaterako. Taldean gauzak nire ikuspuntutik egiten dodaz, baina beti urteten dau desbardin, besteek be zeresan handia daukielako. Larrepetit izena dauka nire taldeak eta alkarregaz argitaratuko dogu hurrengo diskoa, baina zuzenekoetarako deitzen badeuste be, taldeagaz joango naz seguruenez, Nire begiak diskoaren eta orain sortzen gabizan hurrengo horren bilduma bat egingo geunke, batez be, oso gogorra begitantzen jatalako musikari bat bakar-bakarrik aurkeztea publikoaren aurrean, tipo baten oportunismoaren itxurea emon leikelako. Diskoen kasuan ez dot holan ikusten, lengoaia musikal bat dagoalako guztiaren atzean, baina zuzenekora begira askoz errazagoa da niretzat taldean agertzea. Holan gehiago disfrutetan dot, jenteari begietara begiratu eta disfrutau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu