Zestoan izango dau lehen hitzordua Eskolarteko Txapelketeak

Bizkaie! 2018-02-07 08:24   Bertsolaritzea

Zezeilaren 16an hasiko dira gazteak lanean eta finala bagilaren 9an izango da, Saran.

2017ko finala, Saran (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gipuzkoan bariku guztietan Eskolarteko Txapelketako kanporaketa bat jokatuko da, zezeilaren 16tik aurrera. Hortaz, Eskolartekoaren aurtengo edizinoa martxan izango da laster. Bizkaiko bertsolari gazteak apirilean hasiko dira: hil horren 19an izango da lehenengo kanporaketea, eta 23tik 25era beste hirurak.

Balmasedan jokatuko da Bizkaiko finala, bai bat-batean, baita idatziz be, maiatzaren 6an. Egun horretan jakingo da Euskal Herriko finalean ze bizkaitar egongo diran. Ordurako, Gipuzkoako ordezkarien barri izango dogu, apirilaren 20an dalako hango finala, Lasturren.

Ganerako herrialdeetan, laburragoa izango da Eskolarteko Txapelketea: Saio bana egingo dabe: Apirilaren 20an egingo dabe nafarrek, Iruñean; maiatzaren 12an egingo da Arabakoa, Legution; eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari jagokonez, maiatzaren 19an izango da saioa Hazparnen. Ganera, aitatzekoa da Araban bat-bateko bigarren saio berezi bat antolatu dabela gaztetxuenentzat, maiatzaren 26an Gasteizen. Azken saio hori idatzizko modalidadeagaz batera egingo da.

Kontuak kontu, herrialdekako txapelketa bakotxeko onenak Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean alkartuko dira. Igazko moduan, aurten be Saran egingo dabe saioa. Bagilaren 9an jarri dabe hitzordua. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako Ahots Baten sormen topaketan parte hartu ahal izango dabe finalista guztiek.

Eskolarteko Txapelketea Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak antolatzen dabe, lankidetzan.

Lurralde batzuetan, Bertso Eskolen Eguna Eskolarteko finalagaz bat etorriko da. Bizkaiaren eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoaren kasuetan bai, behinik behin: Balmasedako eta Hazparneko finaletan egingo ditue ospakizunak. Gipuzkoan eta Nafarroan, ostera, bakotxaren Bertso Eskolen Egunak maiatzaren 6an egingo ditue, Tolosan eta Iruñean, hurranez hurran. Araban, barriz, Bertsoa Bizi Gazte Eguna ospatuko dabe, Legution, maiatzaren 12an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu