Lau euskal kirolari Neguko Joko Olinpikoetan

Bizkaie! 2018-02-07 08:14   Euskaldunak munduan

Lucas Egibar, Felipe Montoya, Imanol Rojo eta Juan del Campo Pyeongchang-en izango dira.

Bingen Zupiria eta Lucas Egibar (Argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barikuan hasiko dira 2018ko Neguko Joko Olinpikoak, Hego Koreako Pyeongchang urian. Hilaren 9tik 25era bitartean, mundu zabaleko ehundazak kirolari hainbat modalidadetan lehiatuko dira, miloeka ikusle izango dituan ekitaldian. Euskal ordezkaritzea han izango da, BAT-Basque Team proiektuaren izenean.

Euskal kirolarien ordezkari, Lucas Egibar snowboardlaria Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batu da Gasteizen. Egibar sailkatu egin zan Sierra Nevadan 2017ko snowboardcrosseko Munduko Txapelketan banaka eta taldeka bigarren postuak irabazita. Aurten, zezeilaren 15ean lehiatuko da eta aukera handia dauka dominea irabazteko. Bigarrenez parte hartuko dau Neguko Jokoetan, 2014an Sotxin diplomea irabazi eban:

Beste hiru euskal ordezkariak honeek izango dira: Felipe Montoya patinatzaile artistikoa, Imanol Rojo iraupen-eskiatzailea eta Juan del Campo eskiatzaile alpinoa. Ganera, ez da ahaztu behar Jon Santacana eskiatzaileak Neguko Joko Paralinpikoetan parte hartuko dauela, martiaren 9tik 18ra.

BAT-Basque Teamek Hego Koreara bialdu dauen ordezkaritzea inozko zabalena da Neguko Jokoetan. 1998ko Jokuetan, Japoniako Naganon, hiru euskal kirolarik parte hartu eben eta 2014an, Sotxin, beste horrenbestek. Aurten Pyeongchangen egongo dan laukoteari esker kopuru hori gainditu dabe.

Profesionalak ez diran goi mailako kirolariei nazinoartean lehiatzeko aukerea errazteko eta emoitza bikainak lortzen laguntzeko helburuz lan egiten dau BAT-Basque Team Fundazinoak 2007tik. Laguntzino ekonomikoaz gan, era guztietako zerbitzuak eskaintzen deutsez euskal kirolariei: medikuak, teknikariak, coachinga, komunikazioa, hezkuntza eta lan arlora egokitzea eta abar.

Sortu zanetik hona, fundazinoak 140 kirolari baino gehiagori emon deutsez bekak, 41 kirol disziplinatan. Pyeongchangeko Neguko Joko Olinpikoak eta bertan parte hartuko daben lau euskal kirolarien jarduna lehentasuna dira BAT-Basque Team-entzat, eta jarraipen berezia egingo deutsie Koreatik bertatik eta ETB telebista publikoaren bidez. Martian, ostera, Joko Paralinpiko-en txandea izango da eta hitzordu horretan Jon Santacana babestuko dau fundazinoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu