Bonaparte printzeak Nafarroan batutako testuak, danon eskura
2018-02-06 13:27 Euskerea berbagaiErrege Artxiboaren funtseko 138 testu plazaratu ditue, gehienak euskeraz.
Luis Luziano Bonaparte printzeak euskerearen eta euskalkien ganean ikertzeko batu zituan hainbat eskuizkribu formatu digitalean argitaratu ditu Nafarroako Gobernuaren Errege Artxibo Nagusiak, nahi dauenak ikusteko moduan. Haren 138 testu dira, horreetatik 118 euskeraz idatziak. Ganerakoak frantsesez, gaztelaniaz, probentzeraz, latinez eta poitevin hizkuntzan dagoz.
Artxiboak publiko egin dauen funts hori Resurreccion Maria de Azkuek, Carmelo Etxegaraik eta Arturo Campionek agirietan aitatutako eta Nafarroako Foru Aldundi Probintzialari emondako agiriek osotuten dabe. Eskuizkribuak ebanjelioei eta Bibliari buruzko testuak, dotrina-liburuak, sermoiak eta otoitzak dira, danak XVIII. eta XIX. mendeetakoak eta euskeraz –gehienbat Nafarroako euskalkietan– idatzitakoak. Euskera eta gaztelaniazko hiztegiak be badagoz. Testu horreek erabili zituan Bonapartek euskerea eta euskalkiak aztertzeko.
Euskal Herrian sarri ibili zan Luis Luziano Bonaparte XIX. mendearen erdialdean. Nafarroan, esaterako, 1857an, 1866an eta 1867an egon zan. Printzea hil eta gero, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek haren eskuizkribuak erosi eta hiru lurraldeen artean banatu zituen, lanen jatorriaren arabera. Banaketa haren ondorioz, funtsa hiru erakunderen artean banatuta dago 1904tik: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia Iruñean, Foru Agiritegi Historikoa Bilbon eta Koldo Mitxelena Kulturunea Donostian. Ganera, Bonaparteren liburutegi personala Chicagoko Newberry Library-k erosi eban 1901ean, eta bertan gorde da geroztik.
Gaur egun, bilduma hau funtsezko tresnea da euskerearen eta euskalkien inguruko edozein ikerketari ekin ahal izateko. Nafarroan era edegian eskuragarri ipini dituen testuak Artxibo Irekia izeneko gunean topau leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!