Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe Massachusetts-en

Bizkaie! 2018-02-06 10:54   Bertsolaritzea

Massachusetts-eko euskal ikasketen katedran izango dira bertsolari biak.

University of Massachusetts Amherst-eko William Douglass Katedrako ikasleek Euskal Herriko kulturgintzearen adierazpen nagusietako bat, bertsolaritzea, lehen eskutik ezagutzeko aukerea izango dabe aste honetan, izan be Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe bertsolariak bertan izango dira berbaldi eta kantaldi bat eskaintzeko.

Artetxek eta Lujanbiok ekimen bitan parte hartuko dabe, euskerea eta euren jarduna ezagutarazoteko asmoz. Gaur, zezeilak 6, izango da lehenengo emonaldia AEBko uriko Smith Poetry Center-en; bertan bertzolaritzeaz berba egingo dabe, baina emakumearen ikuspuntutik, Basque improvised Poetry: Politics and Poetics from a woman’s point of view izenburupean.

Bigarren saioan, barriz, bertsolaritzearen birsortzearen eta euskerearen berreskurapenaren ganean berba egingo dabe Amherst unibersidadean: Bertsolaritza renaissance and recovery of the Basque language.

Etxepare Euskal Institutuaren babesaz atondutako ekimenetan, inprobisazinoaz berba egingo dabe, hau da, gizonezkoena izan dan adierazpen artistikoan, emakume izatearen ganean.

Pasa dan astean be Jone Miren Hernandez, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariak National Cowboy Poetry Gathering izeneko topaketan izan ziran Nevadako Elko urian. Bertan, Bertsolaritzea eta emakumea, marjinazinoa eta ahalduntzea izeneko jardunaldian parte hartu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu