Agurtzane Intxaurraga: 'Kabaretaren bidez kritika soziala egin dogu'
2018-02-05 08:00 BarriketanTxarriboda antzerki obrako zuzendaria.
Ezohikoa da euskal eszenan kabareta ardatz dauen ikuskizun bat ikustea. Egoera horri bueltea emon deutsie Hika Teatrokoek eta Agurtzane Intxaurraga ekipoaren gidari dala, Txarriboda obrea sortu dabe.
Euskal kantutegia arakatu, ikuskizunerako abestirik egokienak hartu eta euren letrea moldatu dabe obrarako berenberegi. Oholtza ganean, beraz, txarribodearen antz handiagoa dauen ezkontza bat irudikatuko dabe, gordintasun osoz, baina umoretik. Intxaurragak argibide gehiago emon deuskuz.
1.- Oreretan eta Oñatin estreinau dozue obrea dagoeneko. Zelan joan da?
Oso ondo. Bai baten eta bai bestean publikoaren erantzuna harrigarria izan da benetan. Jentea gure jai horretan sartu zan hasieratik. Nire ustez, ikusleek asko eskertu eben ospakizun bat izatea. Danori gustetan jakuz ezkontzak eta jentea prest joaten da ondo pasetan.
Beste alde batetik, ikuskizunak zuzeneko musikea dauka eta horrek asko erakarten dau, plus handi bat emoten deutso emonaldiari, ganera, umoreagaz jokatzen dogu. Publikoa eten barik izaten dogu presente, geure ikuskizunaren parte izango balitz moduan. Hasierako partean, personaien aurkezpena egiten dogu eta momentu horretatik jentea barrezka ikusi genduan.
2.- Eta zelakoak dira personaia horreek?
Alde batetik, ezkontzako personaiak dagoz, senar-emaztea, aitabitxia… Danetara, sei aktore dagoz oholtza ganean eta bakotxa hainbat personaiaren azalean jarten da. Horreetako batzuk konbidaduak dira: Argentinatik etorritako izekoa eta osabea adibidez, edo Galiziako Tia Marisa, Iparraldeko nobioaren laguna… Ezkontza horretan jatorri askotako jentea sartzen saiatu gara. Personaia horreek guztiek, nire ustez, sekulako kolorea emon deutsie obreari. Ganera, hainbat euskalkitan lan egiteko aukerea emon deusku. Argentinako familiaren kasuan, halandabe, gaztelaniaz egingo dabe berba, holan jokatu dogulako, hau da, kanpotik datozenek euren hizkuntzan egiten dabe eta hemengoek bakotxa bere euskalkian eta horrek be ikuskizunari aberastasuna emon deutso.
3.- Ezkontza bera da tramea?
Bai, baina ez bakarra. Ezkontza horretako senar-emazteei jazoten jakena konteteaz gan, ospakizun horren bitartean, sukaldean jazoten dana be ikusi leiteke. Zerbitzari talde bat dogu eta horreen tramea be jorratzen dogu. Hor be jente oso desbardinagaz jokatzen dogu, bata mertxera deitzen doguna da, ijitoa, Euskal Herrira etorritako jornalari andaluziarra, lekeitiar bat… Kolore askotako personaiak doguz.
4.- Hainbeste personaiagaz, zelan moldatu zarie elementu eszenografikoei jagokenean?
Jantzitegi eta eszenografia oso praktikoagaz egin dogu lan, aldaketa azkarrak onartzen dituana. Ganera, obreak ezkontza aretotik sukaldera eta alderantziz egiten dau salto, hori gure beste erronka bat izan da.
4.- Zelan izan zan Txarriboda sortzeko idea?
Atzera egin beharko neuke azaltzeko, izan be, orain dala zortzi urte ikastaro bat egin neban Bilbon, Andres Lima zuzendariagaz eta bertan, Beltolt Brecht-en Burges txikien ezkontza antzezlana landu genduan. Momentu horretan, Limak berak animau ninduan horren harira zeozer sortzeko. Hasiera baten, idea ha kaxoi baten sartuta geratu zan, baina orain dala urte bi inprobisazinoa lantzen hasi nintzan barriro Malas Compañias zirku taldeagaz. Kasu honetan ez egoan testurik zirkua dalako eta orduan, hasierako idea horri bueltak emoten hasi nintzan barriro. Borobil Teatrokoek eta Hikakook ikastaro bat atondu genduan Santiago Sanchezegaz batera eta horren ostean etorri zan inprobisazinotik abiatuta, erronka horri heltzeko ordua.
Ezkontzearen gaia atxakia polita izan eitekela pentsau neban eta horrek lan egiteko moduari berezitasun bat ekarri deutso, izan be, kasting-a oso zehatza izan behar zan. Ezhoiko ezkontza behar gennduan, narrazino basati bategaz eta horretarako kabareta oso aproposa begitandu jatan. Kabaretak filtroak emozinorik barik kontetako aukerea emoten deutsu, gordintasunetik, musikeagaz, umoreagaz… Hizkuntza propioa daukan estilo bat da.
5.- Inprobisazinoa aitatu dozu, baina oholtza ganean horretarako lekurik ba al dago?
Oso gitxi. Momentu honetan, mobimentu bakotxa oso neurtuta dago, baina denpora guztian inprobisetan gabizela emon behar dau, ezkontzea une horretan jazoten dabilelako. Halandabe, publikoan dagozanak konbidaduak dira eta horreegaz bai badago bat-batekotasunerako aukerea.
6.- Sortze prozesuan izan da orduan aktoreen inprobisazino lanarena...
Hori da, orain dana dago neurtuta eta holan egon behar dau, bestela ezingo geunke aldaketarik egin.
7.- Zelakoa izan da aktore taldeagaz lan egitea?
Ona eta oso intensoa, batez be niretzako, istorioa eta testua aldi berean sortu behar izan dodazalako. Berez argumentua izan zeinke, baina alkarrizketarik ez eta horri gero berbak jarri behar jakoz. Biak aldi berean egin behar diranean zoramena izaten da.
Holako prozesu batek urtebeteko lana behar dauela argi daukat eta guk hamar aste izan doguz obrea atontzeko. Su txikian kozinau beharrean, lapiko azkar baten egin dogula begitantzen jat. Halandabe, momentuz suberte handia izan dogu egin doguzan emonaldi bietan, oso arrakastatsuak izan dira.
Taldeagaz primeran ibili naz eta eurek be sekulako ekipo ona sortu dabe, agertokian disfrutetan dabizela igarten da. Barre asko egiten gabiz, aktore honeek inprobisetako etenik bako jokerea dabelako. Hori bai, momentu batzuetan amildegiaren ertzean sentidu dot neure burua: atera behar dot, denporea aurrera doa eta oraindik ez daukat gauzatuta… Baina azkenean heldu gara eta ondo heldu ganera.
8.- Aspaldiko kantu euskaldunak eta oraingoak entzun leitekez ikuskizunean. Zelan aukeratu dozuez?
Hemengo kantuak dira, bai, eta nire ustez, gure kabaret honi nortasuna emon deutson benetako asmakizuna izan da, bertako kantutegitik sortutako kantuak dira, baina letrak moldatu doguz gurera ekarteko. Jenteak oso gurea zala sentidu ebala begitantzen jat. Batzuk agian txarriboda berbea ez eben ezagutuko eta gure kabaretagaz ezagutu dabe. Azken baten baserrialdeko berbea, baserrietan egiten dalako, baina ezkontzea eta txarribodearen artekoak joko handia emon deutso obreari.
Kantutegia aukeratzerako orduan, Miren Gojenola izan dot laguntzen. Istorioa aldez aurretik zelan amaitu behar eban ez genkianez, aukeraketa hori entseguetan egiten joan gara. Argi neban bakarra zan Anteronen melodia hasieran sartu behar genduala. Bestalde, abestien egileakaz berba egin behar izan dogu, euren piezak erabili ahal izateko.
Kantuetako bat Patxi Gonzalezek sortu dau eta Iñaki Maruri beste alde batetik, aktore lanak egiteaz gan, zuzenean ikusiko dogu agertokian musikea joten. Berak egin ditu egokitzapenak pianoagaz joteko. Uste dot oso talde sendoa dagoala eszenatokian.
9.- Honeekaz batera, Onintza Enbeitak kantuen berbak berridatzi ditu, ezta?
Hori da, bai. Sekulako kutsua emon deutso kabaret honi. Istorioak aurrera egiteko erabilten doguz kantuak, baina baita kabaretak dauen kritika soziala egiteko be eta guk kantuen bidez egin nahi izan dogu hori, horregaitik oso letra gordinak dira, hor dago gure benetako txarribodea.
Ezkontzea dan hori txarriboda bihurtu dogu kantuen bidez, aukerea emoten deuskulako hausnarketea egiteko, gauzak gordin kontetako. Kantu bik bakarrik ditue euren benetako letrak: Anariren Naufragoak eta Afuren Banoa. Alde horretatik oso gustura geratu gara, Onintzak, ganera, oso ondo dakielako zer dan txarriboda bat eta oso ondo ulertu dogu alkar.
10.- Gai gordinak, baina tonu umoretsuan…
Bai, eta holan izan behar dau ganera. Edozelan be, momentu gogorrak be badira obran, izan be, egundoko ezkontzea izan behar dana, pixkanaka hausten joango da eta hori gertatzen dan neurrian, personaiak be sufriduten hasten dira, baina ikuskizunean zehar ez da tonu umoretsu hori galtzen.
Bestalde, txarriboda berbea oso gordina da ezagutzen edo bizi izan ez dauen batentzatt. Berez txarri hilketearen inguruan egiten dan bazkaria da. Esangura horretan da gordina eta euskereak berenberegi horreratarako daukan berbea da, ezkontzeari lotua.
11.- Hortaz, izenburu aproposa aukeratu dozue hori dana islatzeko.
Goiz bateko inspirazinoa izan zan. Izenburuagaz bueltaka genbizan: La boda, ezkontzea… Bat batean, Patxi Gonzalezek guk txarribodea dogu! esan eban. Une horretantxe ez genduen dudarik izan, horixe zan gure kabaretak behar eban izenburua.
12.- Kabareta aukeratu dozue istorioa kontetako. Euskal Herrian ez da bape ohikoa...
Holan da bai. Euskerazko oso erreferentzia gitxi doguz honen inguruan eta ez dot guzurrik esango, hasiera baten niri be irudimena horretara joan jatan, baina kabareta euskeraz egiteko asmoa izan arren, ikuskizunak beste zeozer behar ebala uste neban, horretan be estereotipo ez bihurtzeko. Horretara heltzeko formula bi nabarmendu dirala esango neuke: alde batetik, gure kantutegitik edatea eta bestetik txarriboda berbeak emon deuskun geurekotasun hori. Elementu horreek biek euskal kutsuagaz jantzi dabe obrea. Baina horrek ez dau esan nahi hemendik kanpo funtzionauko ez dauenik, egin dogun produktua ez da guretzat bakarrik izango, mundu guztiak ikustekoa baino, baina bere nortasunagaz.
13.- Gaztelaniaz aurkezteko asmoa be badozue, ezta?
Bai, Donostiako Dferian erderaz estreinauko dogu. Oraintxe justu itzulpena egiten nabil. Kasu honetan, Txarriboda izenburua erderazko bersinora ekartea izan da zailtasunik handiena. Azkenean El Bodorrio deitzea erabagi dogu. Izen horrek be dekadentzia dakarrelako eta kabareta hori be badalako. Bestalde, euskerazko bersinoko kantuak erabiliko doguz, baina gaztelaniara ekarrita.
14.- Hurrengo emonkizunak non izango dozuez?
Hilaren 16an, Beasainen izango gara, 23an, Gernikan eta 27an, Eibarren, besteak beste.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!