Bizkaiko txakolina, gitxiago baina kalidade onekoa
2018-02-02 10:14 Jan edanakJatorrizko Deitureak 2017ko uztearen emoitzea aurkeztu dau.
Aurreko urteetan baino Bizkaiko txakolin gitxiago produzidu dabe 2017an Jatorri Deiturearen barruan dagozanek. Danetara, miloe eta erdi litro pasautxu, aurreko urtean baino % 12 gitxiago. Produktoreen esanetan, eguraldiak azken orduko arazoak eragin zituan mahatsa batzeko sasoian eta, ganera, mildiu eta botrytis gatxek kalte egin deutsie landarei. Horreek dira uztea txikitzearen arrazoiak.
Produkzinoak behera egin dauen arren, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturako arduradunak pozik dagoz 2017ko datuakaz, izan be, kalidade handikoa da. Ganera, 2017ko produkzinoak behera egin dauen arren, komertzializazinoan errekorra apurtu barri dabe, igazko urte osoan 15.000 hektolitro salduta: Atzerrian komertzializautako txakolinak % 4 egin dau gora, eta bertoko merkatuan, % 5.
Ganera, Bizkaiko Txakolinaren uzta barria aurkezteko ekitaldian, Jatorrizko Deiturearen Kontseilu Arautzaileko kide barriak onartu ditue: José Luis Gómez izango da aurrerantzean lehendakaria, Iñaki Aretxabaletaren ordez. Unai Sulibarria da lehendakariorde barria. Miren Sorkunde Bikandi, Arkaitz Larrazabal, Pilar Llamosas, Garikoitz Rios eta Ricardo Uribe be batzarkide aukeratu ditue.
José Luis Gómez lehendakari barriak adierazo dauenez, bertoko txakolinaren benetakotasuna egiaztatzen daben kontroletan sakontzea da erronkea, baita I+G eta etenbako prestakuntzea bultzatzea be. Ganera, mahastiak jagoteko eredu jasangarriaren alde egin dau Gómezek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!