Henri Michaux-en obren aukeraketa zabala, Guggenheimen

Dabi Piedra 2018-02-01 11:45   Kulturea

Maiatzaren 13ra arte egongo da Beste aldea atzera-begirakoa.

Juan Ignacio Vidarte eta Manuel Cirauqui | Ikusi handiago | Argazki originala

Artista berezia eta oparoa izan zan Henri Michaux belgikarra (1899-1984), esperimentazinoan eta bide barriak bilatzen jardun eban sei hamarkadatan. Mundua ikusteko eta birsortzeko era barriak bilatuz, milazak obra egin zituan. Hartara, Bilboko Guggenheim Museoak dakarren erakusketa barria Michaux-en lanaren errepaso zabala dan arren, haren obren aukeraketa bat baino ezin izan dabe egin. Halandabe, 220 artelan eta objektu inguru batu ditue museoko 305, 306 eta 307 aretoetan. Horreetako batzuk, ganera, publikoari sekula erakutsi bakoak.

Michaux ez zan zientzialaria, baina zientziagaz lotura estua izan eban, esperimentazinoan eta medikuntzan interesa eukan, sormenerako bide legez. Batez be, gizakiaren pertzepzinoetan, pentsamenduetan eta halakoetan arakatu eban. Drogak be erabili zituan kontzientziaren beste aldea topau eta arteari bide barriak zabaltzeko asmoz. Hortik dator erakusketearen izena, Beste aldea.

Manuel Cirauqui komisarioak azaldu dauenez, drogak osagileen laguntzinoagaz eta neurrian hartzen zituan Michaux-ek, helburua ez zalako ludikoa, prozesuaren kontrola ez eban galdu nahi. Adimenaren eta pertzepzinoaren aldaketak bere begiz sentidu nahi zituan. Esperimentazinoa sorkuntzeagaz buztartu eban, jakintza zientifikoari ekarpena egin nahian, azaldu dau Franck Leibovici-k, Michaux Artxibategiko kideak.

Kontuak kontu, sei hamarkadako ibilbidearen errepaso zabala egin nahi izan dau Guggenheim Museoak. Juan Ignacio Vidarte zuzendariak azaldu dauenez, sailkatzen gatxa da Michaux, underground kulturearen eta mistika psikodelikoaren ikur, baina baita artista eta idazle askoren eredu be. Hiru areto eta beste horrenbeste gaitan banatutako erakusketan, artista belgikarraren barruko mundua, fantasia eta esperimentazinoak batu ditue.

Michaux-ek lagatako korpus artistiko ikaragarrian oinarrituta, aukeraketa zehatza egin dabe, Manuel Cirauquiren arabera. Artelanak ez eze, Michaux-en eguneroko bizimoduko objektuak be batu ditue: Bisitaria artistearen lanean sartzen laguntzen dabe, Leiboviciren esanetan. Objektuon artean, Michaux-ek berak egindako bidaietatik ekarritako elementu antropologikoak dagoz, artisteak etnografian be interes bizia eukalako. Musika tresnak be badagoz. Cirauquik kontau dauenez, eskura eukan guztiagaz esperimentetako ohiturea eukan Michaux-ek, baita musikeagaz be, baina ez da haren grabazinorik gorde. Hortaz, tresnak eroan ditue erakusketara.

Euskal Herriko medikuntzearen eta zientzien historiagaz lotura zuzena daukien agiri batzuek osotuten dabe erakusketea: Julian Ajuriagerra doktorearen eta Henri Michaux-en arteko hartu-emonen testuak dira. Sustantzia psikoaktiboak erabilten lagundu eutsan euskal mediku horrek artisteari. Katalogoan, hain zuzen, horreek testu guztiak irakurri leitekez, euskeraz zein gaztelaniaz.

Michaux-en ibilbide oparoaren errepasoa egiteko, hiru atal handitan banatu dabe erakusketea, artistearen interesgune nagusietan oinarrituta. Esangura horretan, 305 aretoak Agerpenak eta fantasismoa izenburua dauka, 306koak Zeinuen bizitzea eta 307ak, Psikea manipuletea. Maiatzaren 13ra arte egongo da Bilbon Beste aldea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu