Aurora Beltran abeslaria, Kulturearen Vianako Printzea 2026 Saria
2026-05-27 08:15 KultureaTalentu Artistikoaren Sustapenaren Saria Maria Cristina Moreno arte historialari eta ilustratzailearentzat izan da.
Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak azaldu dauenez, Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak Aurora Beltran abeslari nafarra proponidu dau Kulturearen Vianako Printzea 2026 Sarirako, musikea adierazpen personal eta kolektibo lez defendidutegaitik, benetakotasuna eta herritarren aurreko lotura emozionala alde batera ixten ez dauen ibilbide profesionalaren bidez. Era berean, Esnaolak aurreratu dau Talentu Artistikoaren Sustapenaren Saria, 30 urtetik beherakoentzat dana, Maria Cristina Morenori emon deutsela.
Vianako Printzea Sariaren epaimahaian Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko personak dagoz eta oraintsu batu da Nafarroako Jauregian, sariaren 37. edizinoko hautagaitza irabazlea erabagiteko. Sariaren helburua da Nafarroagaz lotura berezia daben persona edo erakunde garrantzitsuek egindako lana saritzea, kulturearen edozein arlotan, sorkuntzan, azterketan edo ikerketan edota ha sustatuz.
Sari bietarako proponidutako personen izenak iragarteko prentsaurrekoan izan dira kontseilariagaz batera, Ignacio Apezteguia, Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusia, eta Iñigo Perez, Vianako Printzearen hautagaitza irabazlea bultzatu dauena eta Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kidea.
Esnaola kontseilariak nabarmendu dauenez, Aurora Beltran Espainiako rockaren ahotsik adierazgarrienetakoa da, eta 80ko hamarkadan musikearen ibilbidea egiten hasi zanetik, haren ahotsa eta musikea indartsu entzun dira bai Nafarroan, bai estaduan, bai nazinoartean be, bakarka nahiz Belladona edo Tahúres Zurdos lako talde ospetsuetan parte hartuz.
Saria 20.000 eurokoa da, eta abeslariari bagilaren 13an emongo jako Los Arcosko Kultur Etxean, 2026an 850 urte beteko baitira Antso Jakitunak Los Arcosko uribatuari foruak emon eutsozanetik (1176. urtea).
Bestalde, Talentu Artistikoaren Sustapenerako Saria gehienez 10.000 eurokoa da, eta irabazleak proiektu artistiko bat martxan jarteko emoten da. Ekitaldia bagilaren 3an izango da INAPen eraikinean, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egoitzan.
Aurora Beltran
Aurora Beltran Gila (1964, Iruñea) Potasasen (Beriain) hazi zan. Umea zanetik, gaixotasun batek markau eban, ordu asko jesarrita egon ehar baizeban eta, horrek eragin nabarmena izan eban musikarako bokazinoan. Denpora hori eroangarriago izateko, aitak gitarra bat erregalau eta, holan, musikeagazko interesa biztu jakon. Hamahiru urte zituala, lehenengo kantua egin eban, Muerte ven.
80ko hamarkadan Belladona taldeko gitarristea zan eta horreekaz Las mujeres y los negros primero albuma grabau eban. 1987an, Lolo anaiagaz eta beste musikari batzuekaz batera Tahúres Zurdos taldea sortu eta taldeagaz kontzertuak emon zituan Nafarroan eta Espainiako iparraldean. Oihuka etxeagaz bere lehen diskoa grabau eban.
Taldea desegin ondoren, Beltranek bakarkako lehen diskoa estreinau eban 2008an, Clases de Baile, eta lan horretan Enrique Bunbury, Loquillo eta Carmen París lako artista nabarmenen laguntzea izan eban. Era berean, 2008an, Otra noche sin dormir biran parte hartu eban Rosendo eta Barricada lako artistakaz batera, Espainiako eszenatoki garrantzitsuetan barrena, eta animalien defensarako ongintzako disko batean parte hartu eban.
2009an AEBetara heldu zan haren musikea, New York, Boston edo Filadelfia lako urietan zehar egindako birearen bidez. 2011n, Museo Púrpura albuma grabau eban zuzenean, bakarkako etapako nahiz Tahúres Zurdos taldeagaz egindako ibilbideko abestiakaz eta Invicta kantu argitaratubakoa be sartu eban, 2005ean diagnostikautako gultzurrunetako gaixotasun kroniko batek markautako esperientzia personaletik osotua.
Haren ibilbidea autortzeko, 20212an Aragoiko Musikaren Sari Globala jaso eban eta Nafarroako Musikearen Galan omenaldia be egin eutsen.
Maria Cristina Moreno, Talentu Artistikoaren Sustapenerako Saria
Maria Cristina Moreno Vitas (Tutera, 2000) arte historialaria eta ilustratzailea da, egile komikian eta autoedizinoan espezializautakoa. Lanean marrazkia eta narrazino grafikoa erabilten ditu gazteen prekariedadea, identidadea, osasun mentala eta sormen-prozesuak lako gaiak jorratzeko. La Sociedad de las Ratas eta Vida Galleta lanak argitaratu ditu, biak risografiaren teknikeagaz eginak, ikuspegi esperimental eta umoristikotik. Vida Galleta lanak La Casa Encendidaren Bandeja de Entrada saria jaso eban eta Fanzimaden Voxel School saria be bai; epaimahaiak gai sozialak ironiaz eta hurbiltasunez jorratzeko gaitasuna nabarmendu eban.
Ibilbidean, autoedizinoa eta komikia egin ditu eta Madrilgo eta Nafarroako arte gaztearen erakusketa eta jaialdietan parte hartu dau. Era berean, Sub25 eta La Semana Mágica proiektu kolektiboetan eta hausnarketa sozialagaz eta osasun mentalagaz zerikusia daben hainbat erakusketatan parte hartu dau. Bakarkako lehen erakusketea Tuteran aurkeztu eban, Conexiones inconexas, hiperkonektibidadean eta hartu-emon digital garaikideetan oinarritua.
Azken urteetan arlo artistiko esperimentalagoa landu dau, komiki garaikidearen barruan kontakizun bisual intimo eta kontzeptualerako modu barriak ikertuz. Saria Caparazón de Cristal proiektura bideratuko da, Apolo eta Marsiasen mitoan inspirautako eleberri grafikoa. Bertan, sormen-gatazken, artearen izaerearen eta nortasuna eregiteagaz dituan hartu-emonen inguruko hausnarketea egingo dau.
Talentu Artistikoaren Sustapenerako Sariaren epaimahaiak, Moreno hautatzeko, komiki garaikidearen eta ilustrazinoaren arloan ahots grafiko propioa sortu izana nabarmendu dau, hizkuntza bisual ezaguna eta koherentea jorratuz, estetikearen nahiz narrazinoaren aldetik. Era berean, guztiz gaur egungoak diran problematikak jorratzeko gaitasuna balorau dau, batez be gazteen prekariedadeagaz eta etxebizitzea eskuratzeagaz loturikoak, belaunaldi oso batek konpartiduten dituan ardurakaz konektau baitau, umorea eta sensibilidade kritikoa erabiliz.
Artistearen proposamena hautatzeko beste arrazoietako bat ibilbidearen koherentzia estilistikoa eta tematikoa izan dira: autoedizinotik eta komiki egile izanik, nortasunari, sorkuntza garaikideari eta belaunaldien arteko esperientziei buruzko etenbako ikerketea egiten dau. Beste alderdi batzuk nabarmendu ditu epaimahaiak: proposamen narratiboen eta bisualen originaltasuna eta heldutasuna, abangoardiako formatu eta teknikak erabiliz edo sarituak ilustrazinoaren eta narratiba grafikoaren arloan lengoaia artistiko garaikideen alde egitea, komikiaren muga tradizionalak zabaltzen dituen sortzaileen belaunaldi barri baten barruan kokatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
