Guggenheim Bilbao Museoak 'Jasper Johns: Night Driver' aurkeztuko dau

Bizkaie! 2026-05-27 07:40   Kulturea

Ehun eta berrogei artelan inguru erakutsiko dira.

Maiatzaren 28an, eguenean, Guggenheim Bilbao Museoak Jasper Johns: Night Driver aurkeztuko dau, gure garaiko artista gorengoetakoa dan Jasper Johnsi eskainitako atzerabegirako garrantzitsua. Erakusketeak BBVA Fundazinoa dau babesle, Guggenheim Bilbao Museoaren Babesle Estrategikoa 1997tik.

Erakustaldi honek Jasper Johnsen 1960ko marrazki batetik hartu dau izenburua: Night Driver, artistearen eretxiz, sentimendu personaletan oinarritutako bere aurrerengo lana. Ehun eta berrogei artelan inguru erakusten dira —tartean pinturak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, artista-liburu bat eta eszenografia bat— kronologikoki aurkeztuta, Johns behin eta barriro bueltetan baita aztergai dituan gaietara. Bestetik, atzerabegirakoan, bereizi egin dira pinturak eta eskulturak papel gaineko lanetatik.

Jasper Johns

1930ean jaio zan Augusta urian (Georgia, AEB) eta Hego Carolina eta New York artean hazi eta hezi zan harik eta 1953an New Yorken finkatu zan arte. Han, hainbat artista ezagutu zitun, besteak beste, Robert Rauschenberg, John Cage konpositorea eta Merce Cunningham koreografoa eta, horrekaz batera, sakon erabarritu eban uriko sormen-eszenea. 1954–55ean, Johnsek bere lehen AEBko banderea margotu eban. Zeinuz eta bestelako elementu lauz —zenbakiak, ituak, mapak— osotutako sail bateko lehen lana izan zan hori eta pieza hareek Pop artearen aurrendaritzat jo ziran, erraz ezagutzeko moduko eguneroko gaiak irudikatzen baitzituen. 1958an Leo Castelli galerian ikusgai jarri ondoren, obra hareek berehalako ospea emon eutsen artistari. Sasoi haretan, Johnsek hartu-emonak izan zituan Marcel Duchampegaz eta azken horren obrak eta pentsamenduak eragin nabarmena izan eben berarengan. Espresionismo abstraktuaren erretoriketatik urrun, Johnsek artearen izaera bera arakatzen daben sailen bidez garatu eban bere lana, eta minimalismoaren zein arte kontzeptualaren bide-erakusle be izan zan.

Kontuak kontu, prentsaurrekoaEntzungelan egingo da eta bertan egongo dira Enrique Jucosa, komisarioa; Silvia Churruca, BBVA Fundazinoaren Komunikazino eta Hartu-emon Instituzionalen Zuzendaria; eta Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia. 

Ondoren, erakusketara bisitea egingo da komisarioakaz. Topagunea: Museoko Atondoa.

Maiatzak 27

18:00: Inaugurazino-hitzaldia Entzungelan.

Enrique Juncosa komisarioak Jasper Johnsi eskainitako atzerabegirakoa aurkeztuko dau, hau da, gerraosteko arte estadubatuarraren figura garrantzitsuenetako bat izateaz gan, bere garaikideentzako eta artista gazteagoen belaunaldi barrientzako inspirazino-iturri garrantzitsua be izan dan artisteari eskainitako erakusketea.

Berbaldia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu