Azkuna Zentroa saritu dabe Alemanian

Bizkaie! 2018-01-31 11:28   Kulturea

Bilboko Udaleko ordezkaritza bat egon da ULI saria jasoteko ekitaldian.

Lourdes Fernandez, Nekane Alonso eta Juan Mari Aburto, Berlinen (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

ULI, Urban Land Institute erakundeak emoten dau Global Awards for Excellence saria, bikaintasunez jarduten daben eraikin, zentro edo guneak nabarmentzeko asmoz. Aurten, Azkuna Zentroari emon deutsie saria eta, Juan Mari Aburto alkatea buru, Udaleko ordezkariak Berlinen izan dira, garaikurra hartzen. Eraikinen bikaintasunaren inguruan antolatutako nazinoarteko bltzarraren barruan izan da saria emoteko ekitaldia.

Munduko bikaintasun handieneko zentroetako bat izateagaitik emon deutsie saria Azkuna Zentroari, gizarte arloko barrikuntzeari, espazioaren eta baliabideen aprobetxamenduari jagokenez, baita bere jarduera bikaintasun handienagaz garatzen dauelako be, ULIkoen esanetan.

Azkuna Zentroa da edizino honetara aurkeztu diran 145 proiektuetatik onespena lortu dauen Europako bakarra. Epaimahaiak eraikinaren berezitasuna eta Bizkaiko uriburuari egiten deutson ekarpena azpimarratu ditu. Azkuna Zentroaz gan, mundu osoko beste hamabi zentrok jaso dabe saria. Estadu Batuetakoak eta Japoniakoak dira gehienbat.

ULI erakundearen arduradun nagusi Thomas W. Toomey-ren eskutik saria jaso eta gero, Aburtok Bilboren eredua eta desafioak zeintzuk diran azaltzeko tartea hartu dau. Uriaren eraldaketearen nondik norakoak nabarmendu ditu: Gure kontzeptua bere ondare historikoa eta kulturala gordeteko gai dan uria da, energiaren konsumoa murrizteko eta hondakin eta emisino gitxiago sortzeko behar diran materialak eta teknologiak erabiliz, bertan bizi diranentzat, lan egiten dabenentzat eta bisitan datozanentzat abegitsua.

Europako Uririk Onena izentau dabe oraintsu Bilbo eta, Aburtoren ustez, Azkuna Zentroak irabazitako beste sari honek indartu egiten dau izendapena. Alkateagaz batera, Nekane Alonso zinegotzia eta Lourdes Fernandez Azkuna Zentroko zuzendaria dagoz Berlinen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu