Antzerkirako eta jantzarako laguntzinoak bateratu ditu Jaurlaritzeak
2018-01-31 12:57 KultureaDeialdi bakarrean erantzungo deutse alor bietako beharrei, ikuspegi globala izateko.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 523.000 euro bideratuko ditu arte eszenikoen sustapenerako diru-laguntzinoetara, hau da, igaz baino 64.000 euro gehiago. Barritasun nagusia deialdia egiteko moduan dago, jantzea eta antzerkia ez diralako bereizitako alorrak izango, orain arte legez. 2018an hasita, deialdi berean sartuko dira.
Bingen Zupiria Kultura sailburuak azaldu dauenez, aldaketa handia dakar aurtengo deialdiak, antzerkia eta jantzea zaku berean sartu dituelako. Disziplina biak alkarregandik gero eta hurrago dagoz, hori da errealidadea. Hartara, politika bateratua beharrezkoa dala uste dau Zupiriak.
Bilboko Pabilioi 6 gunean egin dau diru-laguntzinoen aurkezpena Jaurlaritzeak, arte eszenikoen munduagaz dauen konpromisoa agertzeko. Bingen Zupiriagaz batera, Joxean Muñoz Kultura sailburua eta Aitziber Atorrasagasti Kultura zuzendaria egon dira ekitaldian. Antzerkigintzearen eta jantzearen munduko artista eta eragile ugari be han izan dira. Urteotan egindako lanaren ondorioa da euskal arte eszenikoen gaur egungo egoerea, esan deutse Zupiriak Pabilioi 6n batutakoei.
Joxean Muñozen ustez, bidearen hasierea da gaur aurkeztutako diru-laguntzinoen plana. Orain ez da izango jantzea batetik eta antzerkia bestetik, ikuspegi globaletik begiratu behar deutsagu sektoreari, azpimarratu dau sailburordeak. Hori bai, modalidade bien arteko orekeari eustea ezinbestekoa izango da. Dana dala, babes publikoa deialdi bakarrean bateratzea aurrerapausua dala uste dau Muñozek, sektorearen indarra gizarteratzea erraztuko dauelako.
Jaurlaritzeak aurkeztu dituan diru-laguntzinoak arte eszenikoen sustapenerako dirala zehaztu dau Bingen Zupiriak. Hau da, beste jarduera batzuetarako (sormena edo produkzinoa, adibidez), beste deialdi batzuk egingo ditue. Oraingo deialdi hau bost arlotan banatzen da: Antzerkiko profesionalen prestakuntzea; jantzarako prestakuntzea; egoitza proiektuak; kale antzerkia; eta jantza zirkuitua. Atal batzuk espezifikoak dira jantzarako edo antzerkirako, baina beste batzuk modalidade bientzako dira, esaterako, kale antzerkiarena, jantzea gero eta gehiago kalera urteten dagoala ikusi dabe eta.
Sustapeneko diru-laguntzino honeez gan egongo diranak kontuan hartuta, Jaurlaritzeak 3 miloe euro bideratuko ditu arte eszenikoetara 2018ko aurrekontuetatik. Era horretara, sektoreari babes integrala emon nahi deutsie, ikuspegi global batetik. Hau da, sortzaileek daukiezan beharrizanei erantzunaz, baina estrategia bateratu baten oinarrituta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!