Bilboko Aratusteetan 50 jarduera baino gehiago egongo dira
2018-01-30 13:18 KultureaZezeilaren 8tik 13ra bitarteko egitaraua aurkeztu dau Jai Batzorde Mistoak.
Bilboko Udalak eta Konparsek, hau da, Jai Batzordea osotuten daben erakundeek, 2018ko Bilboko Aratusteetako programazinoa aurkeztu dabe goizeon, Euskal Museoan egindako ekitaldi umoretsuan, danak disfrazauta joan dira eta. Urteko jairik isekariena eta dibertigarriena ospatzera deitu ditue herritar eta bisitariak, 50 ekintza baino gehiago antolatu dituela aprobetxauta: kontzertuak, kalejirak, aretoko jantzak, ume eta familientzako ekimenak, antzerkia, ekitaldi gastronomikoak eta lehiaketak.
Aratusteak zezeilaren 8tik 13ra izango diran arren, aurreko asteburuan motorrak berotzen hasteko jarduera batzuk eratu ditue; batetik, zezeilaren 3an, IV. Kopla Txikien Lehiaketea Kafe Antzokian. Bestetik, 4an, VII. Pontxe eta Torrada Lehiaketea Plaza Barrian.
Zezeilaren 8an, barrikuntza bategaz hasiko da aurtengo egitaraua: iluntzean, Fritanga elektrotxarangeak girotuko ditu Zazpi Kaleak eta, ondoren, Mississippi Queen eta Ou Mama taldeek Plaza Barrian joko dabe.
Aratuste Zapatuan, 10ean, kalera ateratzera deitu ditue bilbotar guztiak, izan be, Aratusteek Bilboko erdigunea hartuko dabe bete-betean, egun osoz. Kale Nagusia sukalde erraldoi bihurtuko da, eta herri bazkaria atonduko dabe Albiako karpan. Ganera, hamaika ekitaldiz beteriko programea egongo da inguru horretako hainbat gunetan: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketea… Arratsaldeko 19:30ean, Plaza Biribilean, 1985ean Bilboko Aratusteetako kopla txikien lehiaketea irabazi eban koplea kantauko dabe.
Bestetik, bertoko indaben txapelketea egingo dabe hilaren 11n. Bariku Mehean, ostera, eskola-umeen desfilea izango da eta, astelehenean, familientzako kontzertua Plaza Barrian, Bilboko Udal Musika Bandearen eskutik. Eta martitzenean sardinea erreko dabe, jaiei agur esateko.
Jai Batzordeak deia egin deutse bilbotarrei aspaldiko Bilboko mozorro tradizionalak etxean prestau deiezan: Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko mozorroak, hain zuzen. Bariku Mehean, zezeilaren 9an, mozorro horreek jantzita joateko eskatu dabe, Farolin eta Zaranbolasi Plaza Barrian egingo deutsien epaiketara.
Egitaraua zehatz-mehatz batzen daben liburuxkak doan eskuratu ahal izango dira Bilboko taberna, udaltoki eta abarretan. Bestetik, Jai Batzordeak nabarmendu dau Aratusteetan ez dabela eraso sexistarik ez bestelakorik onartuko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!