Iñigo Cobo eta Oier Guillan, XV. Café Bar Bilbao Lehiaketako irabazle
2018-01-30 11:49 KultureaPatxo Telleriari aitamen berezia egin deutsie antzerki laburreko sariketa horretan.
Autoreak antzezlanetarako testuak idazten animetako eta gidoigintzeari bultzadatxua emoteko asmoz sortu eben Café Bar Bilbao taberneak eta Tartean Teatroa konpainiak antzerki laburreko testuen sariketea. Ekimen apal harek 15 edizino bete ditu dagoeneko eta, beraz, antzerkigintzan erreferente bihurtu da; horren erakusgarri, aurtengo sariketako datuak: 41 testu aurkeztu ditue, 28 gaztelaniaz eta 13 euskeraz, eta Mikel Martinez antolatzailearen arabera, kalidade handikoak izan dira gehienak.
Aurten lehenengoz, Sari Berezia emotea erabagi dabe lehiaketako antolatzaileek, Patxo Telleriak euskal antzerkigintzeari egin deutsan ekarpena eskertzeko asmoz. Ganera, Telleriak Tabernaria: Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña gidoia idatzi dau sariketarako. Gaztelaniazko gidoien kategorian, Iñigo Cobo santurtziarrak irabazi dau, Oaxaca en dos lanari esker. Euskerazkoa, barriz, Oier Guillan oiartzuarrarentzat izan da, Ero, ia testuagaitik.
Gaztelaniazko eta euskerazko irabazleei, bakotxari 750 euro emongo deutsiez eta, ganera, Pabilioi 6 Aretoan egiten dan Antzerki Arineko Jardunaldietan antzezlan irabazleak produziduten ahaleginduko dira. Testuak Café Bar Bilbaoren webgunean jarriko ditue laster, nahi dauenak irakurri daizan, Izan be, formatu txikira egokitzen diran gidoiei laguntzinoa emotea da lehiaketearen helburu nagusia: Amua jarten deutsegu autoreei, idatzi deien, azaldu dau Mikel Martinezek.
Iñigo Cobok idatzitako Oaxaca en dos estilo original eta harrigarri baten idatzitako pieza laburra da, egoera absurdoetan oinarritua. Izan be, lurrikara batek arrakalea eragiten dau eta Mexiko eta Bilbo lotzen ditu. Holan, hango eta hemengo persona biren arteko alkarrizketa absurdoa sortzen da. Cobok esan dauenez, antzerkiaren lengoaiagaz esperimentau nahi izan dot.
Oier Guillanen testuak be badauka ikutu absurdoa, baina pasarte serioagoakaz tartekatuta. Irakera joan eta gerreak bete-betean harrapatzen dauen brigadista baten historia da Ero, ia, eta Guillanen lagun bati benetan jazotakoan oinarrituta dago. Izenburua heroia kontzeptuagaz egindako berba-jokoa da.
Lagunari jazotakoa ondo gogoan dauka Guillanek, asko markau ninduan harek; horregaitik, oholtza ganerako testu laburra sortu eban, igazko edizinorako, baina berandu entregau ebanez, aurten barriro ahalegindu da eta orain euskerazko saria irabazi dau. Funtsean, tonu bi ditu antzezlanak, Guillanen arabera: Alkarrizketa absurdoak batetik, eta Iraketik bialdutako kroniken pasarteak bestetik, hor badago kontraste bat. Heroien, gatazken, ilusinoen eta abarren ganean gogoetea egiteko be erabili dau testua autoreak.
Amaitzeko, Patxo Telleriari Sari Berezia emon deutsie. Aukerea aprobetxauta, Tabernaria: Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña testua idatzi dau, berenberegi sariketa honetarako. Tabernari baten monologoa da. Beraz, Mikel Martinezek esan dauen moduan, taberna baten antzezteko aproposa da. Hain zuzen be, Café Bar Bilbaon estreinauko dabe, Martinez bera aktore dala.
Telleriaren testuaren izenburu arraroak badauka arrazoi bat: Alderantziz ordenauta dagoz berbak, testuak berak be atzetik aurrerako egiturea dauelako. Kapritxo teknikoa izan da hori, baina badauka zentzuna, denporearen ganeko gogoetea dalako antzezlana, azaldu dau Telleriak. Kaña bat ganoraz atarateko denporea behar dala dinoan tabernari bat da protagonistea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!