Urkia, Jaio eta Gonzalez de Viñaspre, euskaltzain oso izateko hautagai

Bizkaie! 2018-01-29 08:01   Euskerea berbagai

Zezeilean aukeratuko ditue libre geratu diran leku bietako ordezkari barriak.

Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain emeritu bihurtu diran ezkero, hutsune bi geratu dira euskaltzain osoen zerrendan. Proposamenak aurkezteko epea amaituta, Euskaltzaindiak hiru hautagai dagozala adierazo eban Donostian egindako batzarrean: Miriam Urkia, Karmele Jaio eta Roberto Gonzalez de Viñaspre.

Akademiaren barruko arauen arabera, zezeileko osoko bilkuran erabagiko dabe nortzuk izango diran euskaltzain oso barri biak. Patxi Uribarrenen lekua beteteko, hautagai bi dagoz:

Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, 1970): Kazetari eta idazlea da. Hainbat komunikabidetan egin dau lan eta komunikazino bulegoetan be ibili da. Gaur egun, Emakundeko komunikazino arduraduna da. Literaturearen arloan, 2004an argitaratu eban lehen liburua, Hamabost zauri (Elkar) ipuin bildumea, eta harrezkero beste bi ipuin liburu Zu bezain ahul (Elkar, 2007) eta Ez naiz ni (Elkar, 2012), nobela bi Amaren eskuak (Elkar, 2006) eta Musika airean (Elkar, 2009), eta poesia liburu bat  Orain hilak ditugu (Elkar, 2015) argitaratu ditu.

Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961): Araban, Trebiñun, bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologian lizentziaduna da Deustuko Unibersidadean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa da, Hizkuntza Normalkuntzearen alorrean. Euskaltzain urgazle 2015etik, eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkari eta Onomastika batzordearen buruorde 2017tik. Arabako toponimia historikoa da gehien landu dauen ikerketa esparrua:

Beste alde batetik, Joan Mari Torrealdaik itxitako hutsunea beteteko hautagai bakarra dago: Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, 1965). Euskal Filologian doktorea, lexikografia, corpusgintzea, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik. Hiztegi Batuko lantaldeko kide da 1999tik eta arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. Euskerearen Aholku Batzordean dago 2007tik.

 

Miriam Urkia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu