Bego Montorio: 'Guk bidea zabaldu dogu edonon euskeraz berba egin ahal izateko'

Dabi Piedra 2018-01-29 08:04   Barriketan

Itzultzailea eta EIZIEko kidea.

EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkartea, 1987an sortu zan eta 1988an egin eban lehenengo batzarra. Beraz, 30. urteurrena ospatzen dabil. Bego Montorio itzultzaile eta interpretea hasieratik izan da bazkide eta gaur egun Nor da Nor datu-basea garatzeaz eta koordineteaz arduratzen da alkartean. Itzulpengintzea euskerearen normalizazinorako eta zabalkunderako ezinbesteko tresnea dala dino Montoriok, sarri gizarteak ahaztu egiten dauen ogibidea dan arren. EIZIEren sorreratik hiru hamarkadara, gauzak asko aldatu dira euskerea darabilen itzultzaileentzat, baina erronka ugari daukiez hurrengo urteetarako.


1.- Dagoeneko 30 urte pasau dira EIZIEren sorreratik. Zelan gogoratzen dozuz hasierako pausu hareek?

Esan behar dot, EIZIEren sorrerea ondo ulertzeko denporan atzerago joan behar dala. 1980aren bueltan, Euskaltzaindiak ikusi eban beharrezkoa zala itzultzaileak trebatzea, eta Martuteneko itzultzaile-eskolea sortu eban. Han egozan Iñaki Mendiguren, Josu Zabaleta, Koro Navarro... han sortutako mobimentuaren eraginez etorri zan, 1987an, EIZIE. Ordurako, baina, erakundeetan bagengozan itzultzaileak lanean, ni neu, esaterako, udal-itzultzailea nintzan.


2.- Ze beharrizani erantzun eutsan EIZIEk?

Behar asko geunkazan. Oso bakarrik gengozan, bakotxa bere lekutik lanean, prestakuntzea be behar genduan. Jente asko batera hasi ginan itzultzen eta guztioi erantzuna emoteko tresnea izan zan EIZIE.


3.- Hasieratik itzultzaile eta interprete asko batu zineen alkartean?

Bai, mordoxka bat. 1987an sortu eta lehen batzarra 1988aren hasieran egin zan. Batzar hori antolatzeko, uste dot ehun inguru batu ginala. Gaur egun ez dau horrenbeste emoten, 400 bazkide inguru doguzalako, baina moltso bat baginan. Batzuk literaturan ebizan, beste batzuk ikus-entzunezkoetan, ze sasoi haretan asko bikoiztu zan euskerara telebistan. Administrazinoan be bagenbilzan batzuk.


4.- Gauzak asko aldatu dira harrezkero. Orduan ez egoan internetik, eta euskerea ofizial izentau barria zan Hego Euskal Herrian. Zelan gogoratzen dozu orduko lana?

Ez eukan gaur egungoagaz zerikusirik. Ni idazmakina bategaz hasi nintzan itzultzen. Hiztegi askorik be ez egoan, gaur egun gehiago dagoz. Orain, ordenagailu barik ia ez dakigu idazten be. Teknologia barrien garapenak ikaragarrizko eragina izan dau itzulpengintzan, ganerako jardun guztietan legez. Bakartuta egotearen sentimendua be bageunkan, gogoetea alkarregaz egiteko beharra, sareak asko lagundu dau. Uste dot kalidadean be igarten dala aldea, kontuan hartu 1980ko hamarkadan administrazinorako euskerea hastapenetan egoala, euskera hori egiten genbizan, erreferente barik. Danok dakigu euskerea noraino normalizau dan, eta euskerea gure lan tresnea dan ezkero, horrek eragina izan dau.

Aitatu nahi neuke, beste alde batetik, generoaren gaia, hasierako zuzendaritza taldean danak ziran gizonezkoak. Gaur egungo EIZIEren zuzendaritzan gizon bakarra dago. Bazkideen artean be, emakumeak ugaritu egin dira.


5.- Euskerearen garapenean eta estandarizazinoan ze ekarpen egin dozue itzultzaileok?

Ez dot harrokeriaz berba egin nahi, baina ekarpen handia egin dogula esango neuke. Batetik, jardunean: Erabiliz sortu dogu euskerea, ordura arte erabilten ez zan alorretarako, esaterako, zientzian. Itzulpenaren bidez, gauza asko ekarri dira euskerara. Oso garrantzitsua izan da, bestetik, literatura unibersala bultzatzeko EIZIEk garatu dauen proiektua, Jaurlaritzeak eta editoreen alkarteak bultzatuta. Horri esker, literatura unibersaleko 170 liburu baino gehiago dagoz euskeratuta. Horrek euskerearen corpusari eta garapenari egin deutsan ekarpena handia izan da, Bernardo Atxagak, Anjel Lertxundik eta beste idazle askok aitatu izan dabe. Euskerearen erabileraz gogoetea bultzatu dogu EIZIEn, batetik Senez aldizkariaren bidez eta, bestetik, urteetan martxan izan dogun 31 Eskutik blogean. Geu be bidean ikasten joan gara, esaterako, nik interprete jardun dot urte askoan eta euskeraz sekula erabili bako esamoldeak edo berbak subertau izan jataz sarri. Hizkuntzearen garapenerako eta erabilerarako inportantea izan da gure lana.


6.- Edozein alorretan euskeraz berba egin ahal izateko bidean aitzindariak izan zarie, beraz.

Bai, eta gauza bat nabarmendu behar da: Guk bidea zabaldu dogu euskaldunok edonon euskeraz berba egin ahal izateko. Hori garbien interpretazinoan ikusten da, ze leku askotan ez badago interpreterik eta hizlari guztiak ez badira euskaldunak, ezin dozu euskeraz berba egin. Administrazinoagaz edo beste erakunde batzukaz hartu-emonak euskeraz eukiteko be, itzultzaileen lana ezinbestekoa da. Interprete eta itzultzaileei esker, aukera gehiago doguz euskeraz jarduteko.


7.- Gizartean ez da nahikoa baloretan itzultzaileen lana?

Neurri baten holan da. Ez dot beti negarrez ibili nahi, baina egia da itzultzaileen lana askotan ikusezina dala, edozein hizkuntzatan. Edozein tresna erosi eta erabilera-oharrak irakurtean ez zara konturatzen hori itzultzaile batek ipini dauela zure hizkuntzan. Edo informazinoa munduan zehar zabaltzeko be, prentsan eta komunikazinoan, zelanbaiteko itzulpenak behar dira. Itzulpena bizitzearen alde guztien atzean dago eta hori ez da ikusten. EIZIEren helburuetako bat da itzultzaileen lana ikusgai egitea. Gauza batzuetan aurrera egin dogu, orain dala 30 urte txarto ikusita egoan literaturea itzultzea, itzulpena bada ez dot irakurriko liburu hau esaten eben askok. Aurreretxi oker hori gainditu dogu. Gazte askok Harry Potter euskeraz irakurri dabe. Itzulpena behar dala gogoan izan behar dogu, zer esanik ez gurea lako gizarte elebidunean. Baina badogu zeregina oraindino, batez be lan baldintza egokiak egon daitezan, holan itzulpen hobeak eta eraginkorragoak egingo doguzalako.


8.- Gaur egungo itzultzaile gazteak prestatuago datoz?

Bai, batez be hizkuntzei jagokenez. Sasoi baten, euskerea, gaztelania eta frantsesa lantzen genduzan gehienez, beste hizkuntzaren bat akaso. Gaur egungo gazteek atzerriko hizkuntza bi oso ondo dakiez, gaztelania eta frantsesa be bai. Ganera, lanean hasi aurretik trebatzeko aukera ugari ditue, gu ia autodidakta izan ginan, lanean hasi eta itzulpenak egin ahala ikasi genduzan. Aurrerapen honetan, EIZIEren zeregina aitatu nahi neuke, ze EHUn gaur egun dagozan ikasketen abiapuntuan dago alkartea. EIZIE ibili zan sasoi baten batzarrak egiten, ikasketa formalak ipinteko.


9.- Itzultzaile batentzat zergaitik da komenigarria EIZIEko bazkide izatea?

Batetik, esan behar dot EIZIEk emoten dituan baliabide asko zabalik dagozala edonorentzat, bazkide izan zein ez, webgunearen bidez. Nor Da Nor datu basea, aldizkaria... mila gauza dagoz sarean. Bazkidetzea, orduan, zertarako? Batetik, lankideakaz eztabaida eta gogoetarako gune bat eukiteko, lanbide baten norberak bakarrik nekez egingo dau aurrera, beste batzukaz batera gauza asko egin leitekez. Ganera, lan baldintzak jagoteko be bagagoz, batzuetan lanerako eskariak be heltzen jakuz eta deialdia bazkideen artean zabaltzen dogu. Ni hasieratik izan naz bazkide, EIZIE sortu zanetik, eta badakit egin dodazan gauza asko ezin izango nebazala bakarrik egin, alkarteari esker proiektu ugaritan parte hartu dot.


10.- Aurrera begira, ze erronka ditu euskerazko itzulpengintzeak?

Aurrera egingo dau eta hobera, espero dot. Erronken artean, batetik, euskaldun guztiok doguzan erronkak aitatuko neukez, izan be, euskal itzulpengintzeak aurrera egingo dau euskereak berak aurrera egiten dauen neurrian, hizkuntza bizia dan bitartean. Bestetik, kezkatzen nauen gauza bat lan baldintzena da, hori ez da itzulpengintzearen kontua bakarrik, denpora gitxian eta merke ezin da lan onik egin. Egokitzen be segidu beharko dogu, teknologia barriek dakarrenari kasu eginaz. Itzulpen memoriak ondo erabilten ikasi behar dogu, itzulpen automatikoa erabiliko badogu be ondo egin beharko dogu... Azken baten, gero eta hobeto preparetea eta geure bizi eta lan baldintzei begiratzea da garrantzitsuena. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu