'Three Billboards Outside Ebbing, Missouri'

Karolina Almagia 2018-01-26 13:40   Zinema kritikak

Ahalik eta arinen ikusten joateko moduko filma.

- Zuzendaritzea eta gidoia: Martin McDonagh.

- Musikea: Carter Burwell.

- Aktoreak: Frances McDormand,  Woody Harrelson,  Sam Rockwell,  Peter Dinklage, John -Hawkes,   Abbie Cornish,  Caleb Landry Jones,  Samara Weaving,  kerry Condon, Nick -Searcy,  Lucas Hedges...

- Produkzino-etxea: Blueprint Pictures.

- Iraupena: 112 min.

- Generoa: dramea-komedia.

- Herrialdea: Estadu Batuak.

- Balorazinoa: 5/5

Donostiako Zinemaldian Publikoaren Saria irabazi eta gero, azkenean heldu da gurera duda barik urteko pelikulea izango dana. Martin McDonagh zinemagile britainiarrak talentu hutsa erakutsi dau gidoi hau idaztean, aktoreen aukeraketan eta zuzendaritzan.

Estadu Batuetako Ebbing (Missouri) herritxu galduan jazoten da istorio hau. Bertan, bere onetik ateratako ama batek (Frances McDormand erraldoia) burrukan egiten dau bere alabearen hilketearen errudunak harrapau eta egindakoagaitik merezidu daben zigorra jazo deien. Haren inguruan mueta guztietako personaiak mobiduten dira: Woody Harrelsonek, Sam Rockwellek, Peter Dinklagek, Abbie Cornishek eta John Hawkesek sortutako personaia biribilak. Hasierako irudipenaren kontra, lagun horreek ez dira zuri-baltzak. Ez da hau gaizto-onen arteko film bat. Kontraesanez betetako gizakiak dira eta horregaitik identifiketan gara eurekaz.

Erritmo indartsua eta soinu banda zoragarria tarteko dirala, drama mingarri hau ez da bape negar eragitekoa. Baltza eta tristea bai, baina modu berean oso dibertigarria. Ahalik eta arinen ikusten joateko moduko filma.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu