Bertsolari Gazteen XVII. Abra Sariketea, zezeilaren 9an Algortan
2018-01-25 12:11 BertsolaritzeaALBEk antolatutako saioan sei lehiakide egongo dira.
Bertsolari gazteentzako erreferentzia garrantzitsu bihurtu da Abra Sariketea urteotan. Euskal Herri guztiko gazteak batzen ditu normalean eta aurten ez da salbuespena izango. Bizkaitik, Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Lapurditik joandako sei bertsolarik parte hartuko dabe zezeilaren 9ko finalean, lehiaketearen XVII. edizinoan.
Honeek dira sei finalistak: Ander Ucelay (Artzentales), Aroa Arrizubieta (Gasteiz), Beñat Mujika (Donostia), Kerman Diaz (Urruña), Lurdes Ondaro (Munitibar) eta Mikel Lasarte (Barañain). ALBE bertso-eskolearen esanetan, Abrako urek aukerea emongo deutsie sei bertsolariei bertso-itsasoan uger eginda, olatu egokia hartu eta plazetaraino heltzeko.
Epaileak Eneko Bidegain, Ainhoa Aizpurua, Martin Aramendi eta Joseba Santxo izango dira, hau da, bertso munduan eta txapelketa garrantzitsuetan sarri ibilitako adituak. Arkaitz Gomez izango da idazkaria.
Saioa eta afaria antolatu ditu ALBEk, Algortako La Dupla jatetxean. Zezeilaren 9an, barikuan, iluntzeko 20:30ean hasiko dira bertsolariak kantuan. Afarirako txartela 15 euroan dago salgai (lanbakoek eta gazteek merkeago). Izena emoteko, albegetxo@gmail.com helbidera idatzi behar da. Jesarleku kopurua mugatua dan ezkero, antolatzaileek izena ahalik eta arinen emotea aholkatu deutsie zaleei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!