Harrapazank ekimena aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2018-01-24 12:58   Kulturea

Gazteentzako programea zezeilean hasiko da.

Harrapazank programearen aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Modu dibertigarri eta barritzailean, gazteen artean euskerearen erabilerea sustatu eta neska-mutilak motibetako asmoagaz jarri eben martxan orain dala hamalau urte Harrapazank programea.

Euskaltzaleen Topaguneak Bilboko Udalaren laguntzinoagaz urtero atontzen dauen ekimena zortzi eta hamazortzi bitarteko gazte bilbotarrei dago zuzenduta eta euren gustuen araberako jarduerak eta esperientziak euskeraz eskaintzen ditu.

Harrapazank-en barruan programa bi dagoz:

1.- Distirazank

Gazteek trebezia artistikoak eta euren sormena eta talentua erakusteko antzerkian, jantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontetan….

Honetan kategoria bi dagoz: Alde batetik, Junior, bederatzi eta hamahiru urte bitartekoentzat eta bestetik, Senior, hamalau eta hamazortzi urte bitartekoentzat

Kategoria bietan kastina egingo dabe gazteek euren talentua erakusteko aitatutako disziplinetan. Kastinak martian egingo dira.

Hori egin aurretik, barrutietako udaltegietan, zezeilaren 12tik martiaren 12ra, irakasle profesionalen laguntzinoa izango dabe entsegu trinkoetan euren gaitasunak hobetzeko. Profesional honeek izango dira trebeziak hobetzeko laguntzen: Iratxe Urkiaga, Jon Casamayor, Ugaitz Alegría, Andrea Lopez, Ines Bermejo, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri eta Urtza Zuazo.

Hilebete gogor entseatzen emon ostean, martiaren 19tik 29ra bitartean, kastinak egingo dira Bilborock Aretoan. Kastinetara joateko gazte guztiek dabe aukerea. Hiru profesional izango dira epaimahaian: Ugaitz Alegría, Ylenia Baglietto eta Egoitz Txurruka. Kategoria bakotxeko hamar talde aukeratuko ditue. Talde horreek maiatzean egingo diran azken galetan parte hartuko dabe euren trebezia erakusteko, Bilborock aretoan. Ganera, irabazleak aukeratuko ditue bertan. Baina finala baino lehenago, apirilaren 27an, aukeratutako taldeek masterclass bat izango dabe euren emonkizuna lantzeko.

Seniorren finala maiatzaren 5ean, 19:00etan egingo da eta juniorren galea maiatzaren 6an, 18:00etan. Final horreetan kategoria bakotxeko 500 euroko sari bi banatuko dira. Miren Gaztañaga izango da final bietako aurkezlea eta Unai Goikolea DJ-a. Beste alde batetik, finalera pasetan ez diran partaideek ikasten jarraitzeko aukerea izango dabe arte eta kulturako profesional bategaz, Eire Larreagaz, hain zuzen be.

Ganera, Harrapazank programearen jarraipena Youtubeko kanalaren bidez eta sare sozialetako Twitter, Facebook eta Instagram-eko profilen bidez egin ahal izango da.

 

2.- Youtuber, Sortuzank eta Bilrobot tailerrak

Sortuzank tailerretan gazteek euren zaletasunetan eta sormenetan sakontzeko aukerea izango dabe. Bederatzi eta hamazortzi urte bitarteko gaztetxoentzat da. Gaiak honeek dira: graffitia, youtuberra, argazkigintzea, norberak arropea bere gustura moldatzea, makillajea, zinemea eta kazetaritzea.

Tailerrak zezeilaren 13tik martiaren 2ra bitartean egingo dira.

Bilrobot, zortzi eta hamabi urte bitarteko gaztetxoentzat: errobotikako tailerrak, bideo-jokoak, popping jantzea –jantza errobotikoaren moduko jantzea- egingo dira. Aurreko urte bietako eskaria ikusita, aurten eskaintza handiagoa egongo da. Danetara, hamazazpi tailer egingo dira, martiaren 9tik apirilaren 27ra, Euskerearen Etxean, eta Ibaiondoko, Begoñako, Santutxuko eta Deustuko udaltegietan.

Sortuzank eta Bilrobot tailerretan egiten diran lanak maiatzaren 11n egingo dan jai-erakusketan erakutsiko dira.

Programa honeetan parte hartzeko izena emon behar da webgunean. Epea zabalik egongo da zezeilaren 5era arte.

Aurtengo edizinoan, igazko Izarren Hautsa-ko finalistek -Maddi Urkijo, Miriam Lujua, Maddi Gutierrez, Jonatan Yelamos eta Ane Zugaza- egindako abestia eta bideoklipa aurkeztuko ditue, Xabi Hooren zuzendaritzapean. Bost horreek kantauko dabe abestia, bideoklipean Izarren Hautsa-ko partaideak ondoan dituela. Bideoklipean beste artista ezagun batzuk be ibiliko dira: Itziar Ituño, Roberto Tananta, Jon Casamayor eta Endika Abellan.

Aurtengo beste nobedade bat da, Harrapazank Backstage-ren bidez, izan be, youtuber gazteek Distirazank-en eta tailerretan jazoten danaren barri kontauko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu