'Una sardina muy atlética' kartelak iragarriko ditu Bilboko Aratusteak
2018-01-23 12:58 KultureaPatricia Jurado Amador sevillarrak irabazi dau lehiaketea.
Bilboko Udalak martxan jarri dau 2018ko Aratusteetako kartela aukeratzeko lehiaketea. Herritarren eta epaimahaiaren eretxia kontuan hartuta, Patricia Jurado Amadorrek Sevillatik bialdutako Una sardina muy atlética lanak irabazi dau eta, hortaz, horixe izango da ospakizunak iragarteko kartel ofiziala.
Kartelaren oinarrian, edozein bilbotarrek ezagutzeko moduko elementu bi dagoz: Aratusteen ezaugarri dan sardinea eta Bilboko baldosea.
Kontuak kontu, 2.000 euroko saria emongo deutsie Patricia Jurado Amadorri lan irabazlea egiteagaitik. Sei finalistaren artean aukeratu dabe haren kartela. Lehiaketara 47 proposamen aurkeztu ziran.
Bilboko Udalak azaldu dauenez, aurtengo lehiaketako datu pozgarrienetako bat jentearen parte-hartzea izan da. Komunikabide laguntzaileen bidez zein Euskal Museora joanda euren eretxia emoteko modua izan dabe nahi izan daben guztiek, eta deialdiak erantzun bikaina jaso dau: 8.963 lagunek emon dabe botoa.
Herritarren eretxiak % 75eko indarra izan dau irabazlea aukeratzeko orduan. Beste % 25 epaimahairen esku egon da. Asier Abaunza, Izaskun Guarrotxena eta Alba Fatuarte zinegotziak, Galder Anton Bilboko Konparsen ordezkaria, Maylin Vergara diseinatzailea, Eva Martínez Triángulo Publicidad agentziako aholkularia eta igazko Zaranbolas Jon de Miguel izan dira epaimahaikide.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!