'Ideen gaua' egingo dabe Bilbon
2018-01-23 09:54 KultureaPentsamendu garaikidearen ganeko nazinoarteko ikuskizuna bihar eta etzi izango da.
Lehenengo aldiz izango da Bilbon La Nuit des idées (Ideeen gaua) nazinoarteko ikuskizuna. Ekimena gau bat munduan, alkarregaz pentsetako, ideen trukeari eta mugak gainditzen dituen planteamenduei bide emoteko, egungo arazoei pentsamendu kritiko batez aurre egiteko izango da.
Ideen gaua 2016. urtean sortu zan, sasoi haretan, Institutu Frantsesak esperientzia barri bat jarri eban martxan, Quai d’Orsay-ren ekimenez (Frantziako Kanpo Arazoetarako Ministerioa): pentsamendu garaikideari buruzko jardunaldi bat atondu eban, nazinoarteko intelektualei, artistei eta arduradunei berbea emonez, etorkizuneko mundua irudikatzeko.
Igaz ekimenak Frantziako mugak zeharkatu zituan, Tokiotik Los Angeleseraino. Bost kontinenteetako 50 herrialde baino gehiago batu zituan, eta herrialde horreetan ehunka ekitaldi egin ziran aldi berean. Frantziak atzerrian dauen kultura-sareari esker, danetara, herrialde eta diziplina guztietako mila hizlari inguru ibili ziran, Guztion mundua gaiari helduta, kultura-zentro, liburutegi, unibersidade, ikastetxe, arte-museo, zinema-areto, ospitale eta espazio alternatiboetan. Danetara, 180.000 parte-hartzaile eta Internet bidezko zazpi miloe jarraitzaile batu ziran, pensamenduaz hausnartzeko.
Aurten, barriz, Frantziako 68ko maiatzaren 50 urteurrenagaz bat eginez, La Nuit des idées ekimenak orduko protesta hareetako goiburua berreskuratuko dau: irudimena poterera, aldaketea bultzatzeko eta indar moduan lortzeko. Poesiatik politikara, arlo zientifikotik artistikora, esparru literariotik bisualera, jakintzako eta kulturako arlo guztietako adituek azken mende erdi honetako jazoerak eta belaunaldi horren nahiak aztertu eta konpartiduko ditue.
Aurten, barriz, beste uri batzuk izan dira La nuit des idées ekimenagaz bat egin dabenak eta Bilbo horreetako bat izan da. Holan, urtarrilaren 24an eta 25ean ospe handiko hizlariak batuko dira Azkuna Zentroan eta Euskal Herriko Unibersidadean, eta pensamendu kritikoa ekarriko dabe, gure sasoiko arazorik behinenetako batzuk aletzeko.
Lehenengo egunean, hilaren 24an, arrastiko 19:00etan, Azkuna Zentroko auditorioan, La ville au féminin. Politiques urbaines et pouvoir de l’imagination (Uria femeninoan. Uriko politikak eta irudimenaren poterea) izango da. Marianne Blidonek gidatutako saioa frantsesez izango da, baina gaztelaniazko aldibereko itzulpenakaz.
Hilaren 25ean, eguenean, barriz, 19:00etan, Bizkaia Aretoak, La transmission des savoirs, l’éducation de demain face aux changements technologiques et à la révolution numérique (Jakintzearen transmisinoa. Etorkizuneko hezkuntza aldaketa teknologikoen eta iraultza digitalaren aurrean) hartuko dau. Saio hau be frantsesez izango da gaztelaniazko itzulpenakaz eta bertan Denis Kambouchner, Simón Peña Fernández, Ander Gurrutxaga Abad eta Alfonso Unzeta satrustegi irakasleek parte hartuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!