Txomin Agirreren 'Kresala' Bilbo Zaharra jardunaldien ardatz

Bizkaie! 2018-01-19 12:35   Euskerea berbagai

Zezeilaren 5etik 7ra egingo dabe topaketea, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Euskal literaturako egile klasiko bat oinarri hartuta ekingo deutsie Bilbo Zaharra euskaltegiaren jardunaldiei 2018an. Txomin Agirre (Ondarroa, 1864-1920) eta haren Kresala nobelea izango dira protagonista, zezeilaren 5ean, 6an eta 7an antolatutako berbaldi eta mahai-inguruetan. Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzan da hitzordua, 19:00etan. Sartzea doban da.

Bizkaiera landuan idatzitako liburua da Kresala, osorik 1906an argitaratua, lehendik be kapituluka Euskalerria aldizkarian plazaratu eben arren. Arranondo fikzinozko herrian kokatutako istorio hau kontakizunaren bizitasunagaitik eta errealismoagaitik nabarmena da. Handik urte batzuetara Agirrek berak gipuzkeraz ateratako Garoa-gaz batera, euskal literaturearen mugarria izan zan Kresala XX. mendearen hasieran.

Klasiko handi horren inguruan berba egiteko, idazleak eta ikerlariak batuko ditue Bilbo Zaharra jardunaldietako hiru egunetan; zezeilaren 5ean, Beñat Sarasolak hasiko dau saioa, Kresala-ren azterketa bat eginaz, hitzaurretik abiatuta. Ondoren, Belen Altuna ikerlariak erlijinoaren eta filosofiaren ikuspegitik jorratuko dau Agirreren nobelea.

Bigarren egunean, hilaren 6an, Bernardo Atxaga idazleak Literaturaren eskuak izeneko saioa gidatuko dau. Amaitzeko, 7an, Kresalaren sundan izeneko mahai-inguruan parte hartuko dabe gaur egungo hiru idazle bizkaitar ezagunek: Miren Agur Meabek, Ana Urkizak eta Leire Bilbaok.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu