Jon Agirresarobe: 'Gauza txikerrenetan eragiten ahaleginduko gara'

Ainhoa Lores 2018-01-22 12:30   Barriketan

Bertso Eguneko antolatzailea.

Urtebeteko etenaren ostean, izaeraz erabarriztauta dator hilaren 27an, zapatuan, ospatuko dan Bertso Eguna. Hemetik aurrera ibiltaria izango dala iragarri eben Bertsozale Alkartekoek joan dan abenduan. Hortaz, Donostia itxi eta Mungiara egingo dau salto 48. edizino honek.

Taket Mungiako Bertso Eskolea eta bertako Udala izan ditu alboan Alkarteak ekimena atontzeko. Jon Agirresarobe da antolatzaileetako bat eta berak emon deuskuz Bertso Egunaren ganeko zehaztasun gehiago.

 

1.- Zelan doaz Bertso Eguneko atontze lanak?

Aurten formatua aldatu dau Bertso Egunak eta ez da erraza izaten zeozer barria sortzen danean, baina, tira, ondo doa kontua.

Abenduan amaitu zan txapelketea eta oso presente daukagu, oraindino gauzak zarratzen gabiz eta Bertso Egunak oso bat-batean harrapau gaitu, halandabe, nahiko aurreratuta doguz lanak.

 

2.- 2016ko Bertso Egunaz geroztik gogoetarako tartea edegi zenduen, zer jazo zan?

Bertso Eguna aldaketa fase baten sartu zala ikusi genduan eta pentsetako eten bat hartu genduan ekimen barria zer izan behar zan erabagiteko. Argi geunkan Bertsozale Alkartearen ganerako jarduerak ziran moduan, honek be pixkanaka-pixkanaka Euskal Herri osoan eragin behar ebala, ez urtero leku berean, Donostian egiten zan moduan. Beste alde batetik, Bertso Eguna zaleentzat erreferentzia handia danez, itxaropen edota aukerak pixka bat kontrolau nahi izan doguz.

Motibo bi horreekaitik beraz, ekimen ibiltaria bideratu dogu; urtero herri baten izango da, aurten Mungian eta datorren urtean beste herri baten… Bestalde, orain arte egin dogun moduan, gai bat lantzen segiduko dogu eta herriz herrikako lan horretan, gauzarik txikerrenetan eragiten ahaleginduko gara.

 

3.- Bertsolaritzearen muina izan daitekez bertso Txapelketea edo Bertso Egunaren moduko ekimenak. Honeek Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzeko asmo bat erakusten dau?

Bai, azkenean bertsolaritzea mobidu egiten da, astebururo-astebururo hainbat saio egiten dira uriburuetan, herrietan… eta Bertso Eguna be ibiltaria izatea nahi gunke, han-hemenkakoa.

Euskal Herrian barrena, bertsolaritzearen errealidadea oso zabala dala uste dogu eta Bertso Egunagaz be izaera hori martxan jarri nahi izan dogu. Urteetan Donostian egin izan dogu eta esan behar da Donostiako Udalak urtero emon deuskun laguntzinoa asko eskertzen dogula, aldaketea be primeran ulertu dabe, baina azkenean, Bertsozale Alkarteak egindako gogoeta baten ondorioz izan da aldaketea eta desietan gagoz, beharbada eskala txikiagoan, baina eragiten hasteko.

 

4.-  Aitatu dozun moduan, Mungiara egingo dau salto Bertso Egunak, zergaitik aukeratu dozue herri hau?

Alde batetik, ekimena atontzeko borondatea bilatzen genduan eta aukerak aztertu ostean, Mungiako Taket Bertsolari Alkartean topatu dogu asmo hori. Eurakaz eta Udalagaz batera gabiz Bertso Eguna atontzen. Alkarlanean sinisten dogu eta esangura horretan, esker onekoak garenez, alkarteei eskerrak emon, besterik ez jaku falta; eurekaz lan egiteko gogoz egoten gara beti.

Bestalde, orain be gai zehatz bat landuko dogu: Kantuen letra sorkuntzea eta bertso jarriak eta Taket alkarteak urtero atontzen dau San Antontxu Bertso Paper Lehiaketea Mungian. Gaiagaitik eta aitatutako borondateagaitik, hain zuzen be, uste dogu posible dala Bertso Eguna herri honetan izatea.

 

5.- Hortaz, Bertso Eguneko atontze lanak partekatuak izatera pasauko dira...

Bai. Egia esan, ohituta gagoz, joaten garen leku bakotxean laguntzinoa eskatzen deutsegu bertako eragileei, uste dogulako holan hobeto lantzen dirala proiektuak eta hori da gure lan egiteko modua. Gauzak holan dirala, Bertso Eguna ez da salbuespena izan.

 

6.- Hainbat aldaketa dakarz Bertso Egunak, baina dateari eutsiko deutsazue.

Bertsozaleentzat erreferentea dalako batez be eutsi nahi izan deutsagu data horri. Jenteak hartuta dauka agendan.

 

7.- Egitarauari jagokonez, zer nabarmenduko zeunke? Otorduaren proposamena aldatu da ohiko Bertso Egunetik, ezta?

Bai. Bertsolaritzearen itxaropen eta aukerak aitatu dodaz lehen eta horreek neurrira ekartea izango litzateke. Lehen otordu handi bat egiten zan eta askotan egoten ginan pentsetan ia 700-800 persona batzen diranean, bertsotan egiteko baldintzarik onena ete dan, jente asko dalako, soinuagaitik… eta horri bueltea emon nahi izan deutsagu.

Alde batetik, otordua afaria izan beharrean, bazkaria izango da orain, eta bestetik bat eta bakarra izan beharrean hiru otordu paralelo izango doguz, hiru alkartetan eta bakotxean 60-90 persona egongo dira saioa entzuten. Begitantzen jaku holan, bertsolaritzearen neurriagokoa izango dala otordu hau, ohituta gagozan Bertso Eguneko gaueko afari ha baino. Halandabe, gure helburua ez da konparatibetan sartzea. Bertsoetarako eta bertsoez gozetako baldintza onenak jarri nahi izan doguz eta horregaitik aldaketea.

 

8.- Horrezaz gan, egitarauan beste nobedaderen bat egongo da?

Otorduarena da nobebaderik handiena eta gero jaialdia bera. Bost bertsolari izango dira eta hiru artista konbidau doguz; aurrerago joango gara izenak argitzen.

 

9.- Erabagi dozue dagoeneko hurrengo Bertso Eguna non egin?

Berez pentsauta daukagu, aukerak be landu doguz, baina erabagia zezeilean hartuko dau Bertsozale Alkarteak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu