Jon Mugartegi bertsolaria hil da

Bizkaie! 2018-01-19 08:32   Bertsolaritzea

Bizkaiko txapeldun izan zan behin eta Txapelketa Nagusiko finalista hirutan.

Jon Mugartegi (argazkiak: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sasoi ilunenetan Bizkaiko bertsolaritzearen suari eutsi eutsan belaunaldiko kideetako bat hil zan atzo, eguena. Jon Mugartegi berriatuarrak ibilbide dotorea egin eban plazetan eta txapelketetan. 1960an, Bizkaiko txapelketea irabazi eban. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, ostera, sei aldiz parte hartu, eta hirutan heldu zan finalera: 1960an, 1964an eta 1967an. Azken hori Xalbadorri txistua jo eutsanekoa da, beraz, jazoera historiko hori bertatik bertara bizi izan eban.

Jon Mugartegi, bederatzi neba-arrebatan nagusiena, Berriatuko Patrokua baserrian jaio zan. Bertan bizi izan da beti, hil arte. Joxemari Iriondok idatzitako liburuan Mugartegik azaltzen dauenez, amamagandik hartu eban bertsozaletasuna, kopla zaharrak kantetan eutsazan eta. Ganera, 13 urte zituala, Basarri eta Uztapide entzun zituan Berriatuan. 16 urtegaz hasi zan plazan, Jon Azpillagagaz batera.

Azpillaga eta Mugartegi kantulagun izan ziran makina bat bidar. Sasoi haretako beste bertsolari bizkaitar askogaz be sarri kantau eban Mugartegik. Horrezaz gan, beste herrialde batzuetako bertsolariakaz be ibili zan, Xalbador, Mattin, Lazkao Txiki eta abar.

Jon Mugartegi 84 urtegaz hil da. Kontuak kontu, gaur, barikua, Berriatuko eleizan egingo da haren aldeko hiletea.

Mugartegi, Lazkao Txikiren alboan bertsotan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu