Goya eta 110. urteurrena, Arte Eder Museoaren 2018ko programan

Bizkaie! 2018-01-18 12:07   Kulturea

Euskal arte garaikidea be jorratuko dau, zemendian zabalduko dan erakusketa baten.

Goyaren koadro bateko detailea | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte berezia izango da 2018 hau Bilboko Arte Eder Museoarentzat: 110. urteurrena ospatzeko erakusketa bereziak atondu eta eraikin zaharra goitik behera barriztauko dabe. 2018an ikusi ahal izango danaren aurrerapena egin dabe museoko arduradunek eta, ohiko moduan, artearen munduan zeresana emongo daben erakusketak dagoz tartean. Esate baterako, datorren hilean zabalduko dabe Goya eta gorte ilustradua izeneko erakusketea. Francisco de Goya XVIII. eta XIX. mendeko pintore handiaren lanaren errepasoa egingo dabe, Karlos III.a eta IV.a erregeen margolari izan zaneko sasoiari erreparauta. Madrilera heldu zanean jasotako enkarguak erakutsiko ditue, baita Zaragozako uriagaz zituan hartu-emonak be, museo eta bilduma pribaduetako ehun bat obraren bidez.

Zaragozan egon eta gero, zezeilaren 14an helduko da Bilbora Goyaren inguruko erakusketea, eta maiatzaren 28ra bitartean egongo da. Goyari eskainitako era horretako lehenengo erakusketea danez Bilbon, gortea Euskal Herrira heldu zaneko sasoia azaltzen dauen atal berezia gehituko deutsie: Goyak XVIII. eta XIX. mendeen bitarteko urteetan euskal pertsonaiei egindako erretratuak batuko ditue hor.

Indartsu ekingo deutso, beraz, Arte Eder Museoak 2018ari. Goyaren erakusketea amaitu baino lehen, goi mailako beste bat zabalduko dabe, 110. urteurrenaren ekitaldien barruan. Museoaren bildumako 110 artelan aukeratu eta alkarregaz ipiniko ditue 110 maisulan izeneko erakusketan. Era horretara, bildumearen aberastasuna agertu eta museoaren historia errepasau nahi dabe.

Urteurrenagaz lotuta dago, era berean, ABC Museoaren Alfabetoa izeneko erakusketea. Urrian zabalduko dabe, ordurako barriztauta egongo dan museoaren eraikin zaharrean. Kirmen Uribe idazleak kontzeptu bati lotuko deutso alfabetoko letra bakotxa eta areto banatan ipiniko ditue letrak, horregaz lotutako artelanakaz.

Urtearen amaiera aldera, euskal arte garaikidearen errepaso mamintsua helduko da Arte Eder Museora. 1968tik 2018ra bertoko arteak eta artistek izan daben garapena erakutsiko dabe, museoaren funtsetatik zein beste bilduma batzuetatik hartutako 200 obraren bidez. Modu kronologikoan, euskal artean egon diran belaunaldiak eta estiloak ikusi ahal izango dira. Azken mende erdian euskal artearen modernizazinoaren lekuko izan dira aukeratutako obrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu