Bere ondareari balioa emongo deutso Bilboko Arte Eder Museoak 110. urteurrenean

Dabi Piedra 2018-01-09 12:52   Kulturea

Eraikin zaharrean lanak egin, eta hiru erakusketa berezi antolatuko ditue 2018an.

Miguel Zugaza, Kirmen Uribe, Xabier Sagredo, Juan Mari Aburto, Luis M. Uriarte eta Gorka Martinez | Ikusi handiago | Argazki originala

1908an zabaldu zan Bilboko Arte Eder Museoa, eta bertako arduradunek 110. urteurrena aprobatxau nahi dabe barrura begiratu eta museoak daukan ondareari balioa emoteko. Batetik, artelanetan daukan ondarean ipiniko dabe arretea, berau beste ikuspegi batetik landu eta gizarteratuz. Bestetik, museoaren eraikina bera be ondarea dala ikusita, erreformea egingo dabe, gaur egungo beharretara egokitzeko.

Museoan bertan egindako agerraldian, Miguel Zugaza zuzendariagaz batera egon dira Xabier Sagredo BBK-ko presidentea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta museoko patronatuko burua. Izan be, sinatu daben akordioari esker, BBK izango da 110. urteurreneko ekitaldien babesle nagusia, aspalditik datorren lankidetzeari segidea emonaz. Ohore ukaezina da ospakizunean parte hartu ahal izatea, adierazo dau Sagredok. Aburtok dino Arte Eder Museoak modernizazinoa behar dauela, baina nortasuna galdu barik.

Luis Maria Uriarte arkitektoa arduratu da eraikinaren erreformearen nondik norakoak zehazteaz. Museoaren parte zaharra, 1945ean eregitakoa barrituko dabe, hiru ardatz nagusitan oinarrituta: Lehenengoa, beheganea aldatzea izango da, oraingoak artelanak behar dan moduan ikustea trabatzen dau eta, baldosen distireagaitik. Beraz, egurrezkoa ipiniko dabe.

Bigarrenik, hormen ezaugarriak aldatuko ditue, kanpokoa eta barrukoa kontaktuan egon daitezan. Orain barrukoa ezkutauta moduan dago, uriagaz hartu-emon handiagoa egotea bilatuko dogu, azaldu dau Uriartek. Hirugarrenik, sabaietako argi-zuloak aldatuko dira, argi gehiago sartu daiten aretoetara.

Eraikineko obrak maiatzetik irailera bitartean egingo ditue eta, tarte horretan, momenturen baten museoaren eraikin zaharra publikoari zarratu beharko deutsie. Halandabe, bilbotarrek zein bisitariek izango dabe zer ikusi obrak martxan dagozan bitartean, 110 maisulan izeneko erakusketa berezia egongo da eta.

Erakusketa horretan, Arte Eder Museoaren jaubetzako 110 obra esanguratsu aukeratuko ditue, bilduma guztiko nabarmenenak, eta danak batera ipiniko ditue BBK eta 32. aretoetan. Gure bildumearen aberastasuna eta kalidadea ikusi ahal izango da, Miguel Zugazaren esanetan. Bide batez, museoaren historiari errepasoa egiteko balio izango dau.

Behin erreformea amaituta, 110. urteurrenagaz lotutako beste erakusketa bat zabalduko dau museoak. Kirmen Uribe idazlea komisario dala, ABC museoaren alfabetoa izeneko proposamen barritzailea ezagutu ahal izango dabe bisitariek. Alfabetoko 30 letra hartu eta bakotxa kontzeptu bategaz lotuko dau Uribek. Ondoren, kontzeptu horreetako bakotxa museoaren bildumako obra batzukaz batera agertuko da.

Bilduma osoa hartu eta barrura begiratuko dogu, azaldu dau idazleak, orain arte batera egon ez diran koadroak alkarregaz lotuko doguz, erakusketa hau ez da kronologikoa izango. Horrek sorpresak eragingo dituala dino. Alfabeto berezi horretako berbak lau hizkuntzatatik hartuko ditu Uribek: euskeratik, gaztelaniatik, frantsesetik eta ingelesetik. Hartara, Bilbao, noir, word, zubi eta abar egongo dira.

Miguel Zugazak zehaztu dauenez, ABC museoaren alfabetoa erakusketan letra bakotxak areto bat hartuko dau, ordurako erabarrituta egongo dan museoaren zatian. Obren berrikuspen literarioa izango dala dino museoaren zuzendariak.

Urteurrenagaz lotutako ekimenak biribiltzeko, Arte Eder Museoko ondarea Bizkai osora zabaltzeko ekimena be martxan ipiniko dabe, Artearen ibilbidea dalakoari esker. Museoaren bilduma iraunkorreko 40 obra aukeratu eta horreen kalidade oneko erreprodukzinoak herririk herri erakutsiko ditue. Bizkaiko ia 30 herritara helduko da Artearen ibilibidea eta geltoki bakotxean jarduera didaktikoak atonduko ditue.

Hortaz, Juan Mari Aburtok azpimarratu dauenez, iragana eta oraina ez eze, etorkizuna be landuko dau Arte Eder Museoak. Alkateak gogoratu dau 2017an lehenengoz izan dituala museoak 300.000 bisitari baino gehiago eta hazten segitzeko oinarritzat jo dau datu hori. Zugazak ganeratu dauenez, 110. urteurrena barrura begiratzeko erabili nahi dabe, museoak daukan ondareari arreta berezia emonda, eraikinetik hasita eta artelanak ahaztu barik. Gure ondareari balioa emoteko sekula egin dogun ahaleginik handiena izango da.

Sagredo eta Aburto, BBKren eta Arte Eder Museoaren arteko hitzarmena sinatzen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu