Genero baltzeko ipuinak Txomin Peillenen azken lanean

Bizkaie! 2018-01-17 10:26   Kulturea

Idazleak Zaldi beltzak zeruan liburua aurkeztuko dau gaur (H)ilbeltzan.

Txomin Peillen Donostiako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Nobela Baltzaren Astea ospatzen dabiz egun honeetan Baztango bailaran eta egitarauak jasoten dauen emonaldi nabarmenen artean, Txomin Peillenek argitaratu barri dauen Zaldi beltzak zeruan liburuaren aurkezpena dago. Idazleak gaur arrastian azalduko ditu lanaren nondik norakoak Amaiurko alkartean. Joxe Anjel Irigarai idazle eta poetea izango dau alkarrizketatzaile.

Zaldi beltzak zeruan liburua genero baltzeko ipuinez bete dau Peillenek. Danetara, zortzi kapituluz josita dator lana eta horreetako hiru 1967an kaleratu eban Gauak ibiltzen dana elebarritik jaso ditu. Berrogeita hamar urte bete ditu nobela horrek eta omenaldi bat egiteko helburuagaz hartu ditu kapituluok.

Mueta guztietako istorioak dakarz liburuak: herentzia bategaz desagerpen baten barri dauen anaiaren bilaketea; mafiako buruaren hilketea eta ordezkoagaitik lehia; lan bila dabilen gazteak familietan jazoten diran zikinkeriak deskubriduteko asmoa; hildakoakaz lanean eta bizidunakaz olgetan ibilten dan lege-medikua…

Euskal Literaturan, genero baltzeko aitzindarietako bat izan da Txomin Peillen eta datu legez baino ez bada be, Zaldi beltzak zeruan idatzi dauen euskerazko 53. liburua da. Aurreko astean aurkeztu eban lana Donostian. Pamiela eta Maiatz argitaletxeak eta (H)ilbeltza ekimenaren arteko alkarlanean sortu zan Peillenen liburua argitaratzeko proiektua eta Euskal Nobelaren Asterako berenberegi kaleratu dabe.

Euskaltzaina da Peillen eta Biologian, Filologia Hispanikoan eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna. Euskal Ikasketetan doktorea be bada. Igela aldizkaria sortu eban Jon Mirandagaz batera.

Txomin Agirre saria hiru aldiz irabazi dau, horreetako bat Gauaz ibiltzen dana nobeleagaz. Beasaingo Udalaren saria (1984); Espainiako Urrutiko Hezkuntzarako Unibersidade Nazionalaren saria (1995); Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren saria (Sara, 2008); Agosti Xaho Kultura Alkartearen Saria (2009) eta Eusko Ikaskuntzearen Manuel Lekuona Saria (2009).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu