Euskal bertsolari eta ikerlariak Nevadan

Bizkaie! 2018-01-17 08:27   Bertsolaritzea

Urtarrilaren 29tik zezeilaren 3ra, AEBetan izango dira Jone Miren Hernandez, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran.

Oihana Iguaran eta Miren Artetxe, bertsotan (argazkia: Mintzola) | Ikusi handiago | Argazki originala

National Cowboy Poetry Gathering izeneko topaketea egingo dabe hurrengo egunetan Nevada estaduko Elko urian, eta handik hurreko Renoko Euskal Ikasketen Zentroak bertsolaritzeagaz lotutako ordezkaritzea hartuko dau, Mintzola Ahozko Lantegiagaz batera antolatutako ekimenean. Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe) eta ikerlari bat (Jone Miren Hernandez) joango dira Estadu Batuetara.

Bertsolaritzea eta emakumea, marjinazinoa eta ahalduntzea izeneko jardunaldian izango dira protagonista euskal ordezkariak. Ganera, bertsolaritzeagaz lotutako beste jarduera batzuetan be parte hartuko dabe, esate baterako, Bertsolari pelikulearen proiekzinoan.

Gaur egun bertsolaritzan emakumeek eskuratu daben zentralidadearen erakusle dira Nevadara joango diran hiru bertsolariak: Maialen Lujanbiok bigarren aldiz irabazi eban Txapelketa Nagusia orain dala hilebete; Oihana Iguaran eta Miren Artetxe, ostera, finalaurrekoetara heldu ziran txapelketa horretan. Jone Miren Hernandez, aldiz, bertsolaritzearen inguruko aditu handienetako bat da.

Jardunaldiok antolatzeko asmoa 2016tik dator, urte haretan egindako Europa Bat-batean ekimenean Euskal Herriko eta atzerriko kulturen arteko hartu-emonak estutu ziran eta. Aurrerantzean be, Renoko Euskal Ikasketen Zentroak eta Mintzolak alkarlanean segiduko dabela dinoe, jardunaldiak antolatzen, argitalpenak sustatzen zein Kulturartea Mapea osotuten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu