Abian da 10. Elkar Ilustrazino eta Ipuin Lehiaketea

Bizkaie! 2018-01-16 13:14   Euskerea berbagai

Pello Añorgaren ipuina eta Elena Odriozolaren ilustrazinoa izango dira oinarriak.

Elena Odriozolak lehiaketarako egindako kartela | Ikusi handiago | Argazki originala

Ohiko moduan, hiru modalidade izango ditu 10. Elkar Ilustrazino eta Ipuin Lehiaketeak: Ume txikienentzako ilustrazino lehiaketea, gaztetxuentzako ipuinena eta helduentzako bineta edo komikiena. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako neska-mutilentzako lehiaketea da eta, banakakoak ez eze, ikastetxeentzako sariak be egongo dira.

Lehenengo atalean, Pello Añorgak idatzitako Ametsen basoa ipuina oinarri hartu beharko dabe Lehen Hezkuntzako 4. mailara arteko umeek, eta horren inguruko marrazkiak egin. Era guztietako gauza harrigarriak jazoten dira Ametsen baso horretan, Añorgak berak azaldu dauenez: Aterkinen neurriko perretxikoak dagoz, autoak itsasoan ibilten dira busti barik... irudimenez betetako mundua eregi dau idazleak, umeek be euren marrazkiak egiteko sormena erabili daien.

Elena Odriozolak, ostera, aurtengo lehiaketearen kartela marraztu dau, Neska eta deabrua euskal ipuin tradizionalean oinarrituta. Odriozolak egindako beste ilustrazino bati berbak jarri beharko deutsiez Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako neska-mutilek, ipuin labur bana idatzita. DBHko 3. eta 4. mailakoek, ostera, euskal abesti baten oinarritutako komikia edo binetea marraztu beharko dabe.

Ipuinak, binetak zein komikiak euskeraz idatziko ditue parte-hartzaileek. Apirilaren 9ra arteko epea dago lanak bialtzeko edo Elkarren liburu-dendaren baten entregetako. Maiatzaren amaiera aldera emongo da modalidade guztietako saridunen barri eta, ganera, finalista geratu diran ilustrazinoak ikusgai egongo dira udan, Donostiako Aieteko Kultur Etxean.

Ganera, Elkar Fundazinoko Lierni Mendizabalek azaldu dauenez, tailerrak antolatuko ditue umeentzat, lehiaketeak hamar urte bete dituala ospatzeko. Esate baterako, martiaren 3an, Pello Añorgaren ipuineko Ametsen basoa sortu nahi dabe neska-mutilakaz jardunaldi berezi baten. Egun horretan marraztutako amesak Elkar dendetako erakusleihoetan zintzilikatuko ditue gero.

Lehiaketearen oinarriak, hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu