Indarbarrituta dator Euskadi Fundazinoa 25. urteurrenean

Bizkaie! 2018-01-16 08:16   Euskaldunak munduan

Mikel Landa buru dala, lasterketarik onenetan egotea da asmoa.

Mikel Landa, erdian, 2018ko maillot barria erakusten (argazkia: Euskadi Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barriro euskal txirrindularitzearen ordezkari nagusi izateko helburu sendoagaz ekin deutso Euskadi Fundazinoak aro barriari, Mikel Landa txirrindulari profesional arabarraren gidaritzapean. Izan be, orain dala urte batzuk nazinoarteko pelotoiko talderik ezagunenetako bat izan zan Euskaltel-Euskadi, itzuli handietan irabazitako lasterketei eta zaleen babesari esker. Ondoren, garai txarrak etorri ziran eta oinarritik hasi behar izan dau barriro.

Miguel Madariagari lekukoa hartu eta Mikel Landak zuzenduko dau Euskadi Fundazinoa, beraz. Irailean ekin eutsan arabarrak lanari eta dagoeneko 2018ko taldearen nondik norakoak prest daukaz. Bilboko Azkuna Zentroan egindako aurkezpen jentetsuan, barriro be aspaldiko kolore laranjea hartuta, Euskadi Fundazinoak aurtengo asmoen barri emon dau.

Aurreko urteetan gazteen eta profesional hasibarrien aterpe izan eta gero, aurrerantzean pelotoian gora egitea izango da taldearen helburua; Euskadi Fundazinoko arduradunek esan dabenez, zaleak munduko lasterketarik onenetara eroan nahi ditue. Horretarako, ilusinoa eta pasinoa baditue, behinik behin. Babesleen eta erakundeen babesa be beharko dabe.

Proiektuaren beste zutabe bat harrobia izango da. Euskadi Fundazinoak beti egin dau lan Euskal Herrian txirrindularitzea bultzatzen. Hurrengo urteetarako helburuak handiak diran arren, Landak ziurtatu dau etxean hazitako jenteagaz lortu nahi dabela hori guztia. Oraingoz, 2018an Kontinental mailan lehiatuko dira, maila nagusia baino beherago.

Mikel Landak argi dauka zergaitik dagoan Euskadi Fundazinoan: Fundazinoak niri emondako guztia bueltau nahi deutsat, adierazo dau Azkuna Zentroko ekitaldian. Ezin dot pentsau Euskadi Fundazinorik bako txirrindularitzan. Autortu dau taldea barriro txirrindularitzearen puntaren puntan egotea dala bere amesa.

Iragan arrakastatsu haretako, Euskaltelek Tourreko etapak irabazten zituaneko, sinbolo batzuk berreskuratuko ditue 2018an. Nagusia, kolore laranjea. Euskadi Fundazinoaren maillota kolore horretakoa izango da. Bizikletak Orbea euskal enpreseak egindakoak izango dira, Orca modelokoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu