Alex Txikon Bigarren Kanpalekura heldu da

Bizkaie! 2018-01-16 08:57   Euskaldunak munduan

6.500 metrora igon eta gero, Behe Kanpalekuan dago barriro.

Argazkiak: Alex Txikon | Ikusi handiago | Argazki originala

Esperientziari probetxua atera eta igazko espedizinoan baino bizkorrago dabil Everesterako tontorrerako pausuak egiten Alex Txikon bizkaitarra eta haren taldea. Dagoeneko Bigarren Kanpalekura heldu dira, 6.500 metroko altueran.

Alex Txikonek Himalaiatik kontau dauenez, Behe Kanpalekutik Lehen Kanpalekura bidean urten eben eta, behin hara helduta, hotz ikaragarria eta haize indartsua topau zituen. Horren erruz, lo gitxi egin ahal izan eben, baina gorako bideari eutsi eutsien. Holan, joan diran orduetan Bigarren Kanpalekura be heldu dira. Ondoren, barriro beherako bidea hartu eta Behe Kanpalekuan dagoz orain, deskantsetan.

Txikon pozik dago orain arte egindako lanagazgaz, igaz egun bi behar izan zituen Lehen Kanpalekutik bigarrenera igoteko eta, aurten, egun bakarrean egin dabe. Ganera, 150 metro gorago dago kanpalekua. 600 metro soka itxi ditue han, hurrengo egunetan erabilteko.

Bigarren Kanpalekurako lehenengo igoerea arrakastatsua izan dan arren, gorako zein beherako bidea gogorra izan dala onartu dau Lemoako mendizaleak, batez be haizearen erruz. Jatsierea arriskutsua izan dala azaldu dau, eta lehertuta heldu dirala. Halandabe, egindako lanak guztiz asebete dituala dino.

Hurrengo egunak lasaiagoak izango dirala emoten dau, Txikonek azeleragailutik hankea altzauko dauela dino eta, larregizko arriskurik ez hartzeko; izan be, alpinisteak berak onartu dauenez, 100 metroko lasterketea barik, maratoia da Everest igoteko ahalegina, eta beraz, ezinbestekoa da indarra neurtzea eta pazientziaz jokatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu