Euskal izendegiaren berezitasunak kontuan hartzeko dinotso Euskaltzaindiak ministerioari

Bizkaie! 2018-01-16 08:25   Euskerea berbagai

Persona-izenen generoaren arloan malgutasun handiagoa nahi dau Akademiak.

Euskerazko izenak emakumeentzat edo gizonentzat diran arautzen dau Euskaltzaindiak, eta sexu bietarako balio dauen izenik ez dau onartzen normalean. Horrek kexa ugari eragin ditu eta, jente askoren ezinegona ikusita, arazoaren jatorrira jo dau: Erregistro Zibilera, hain zuzen be, erakunde horren araudian oinarritzen dalako euskerazko izenak sexu bategaz lotu beharra.

Erregistro Zibila Espainiako Justizia Ministerioaren menpe dagoanez, bertara joko dauela iragarri dau Euskaltzaindiak, euskerazko izenen berezitasunak kontuan hartu daitezala eskatzeko eta alor horretan malgutasun handiagoa behar dala adierazoteko.

Ohar baten Akademiak jakitera emon dauenez, Erregistro Zibilaren arauak bete behar ditu persona-izenen gaian. Euskaltzaindiaren esanetan, araudi horretan eskatzen da izenak emakumeen eta gizonen artean bereizteko. Hori dala eta, Ministerioari eskatuko deutso euskerearen ezaugarriak aintzat hartzeko, bestela hizkuntza erromanikoen ohituren arabera egokitu behar dalako euskerazko izendegia, ezaugarri oso diferenteetako hizkuntzak diran arren. Horrek ez dauela ezelako logikarik adierazo dau Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Euskal izendegiarentzat, beraz, bestelako bideak jorratu nahi ditu Euskaltzaindiak. Luis Baraiazarrari Espainiako Itzulpen Sari Nazionala emon eta, ondoren, kendu egin eutsienean, Euskaltzaindiak Espainiako Gobernuagaz berba egin eban, eta araua aldatzea lortu. Oraingoan be, bide beretik jotea erabagi dau; Helburua gizarteari adi egotea da, ahal dan neurrian, Akademiaren emoitzak gizartearen preminei egokitzeko, adierazo dau Urrutiak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu