63. Idatz & Mintz kalean
2018-01-16 08:22 KultureaLabayru Fundazinoak bultzatzen dau ibilbide luzeko argitalpen literario hori.
Urtea hasteagaz bat, Labayruk Idatz & Mintz aldizkariaren 63. zenbakia kalean dala iragarri dau. Hainbat idazle eta adituren eskutik, euskal literaturea jorratzen dau gehienbat, idatzizkoa zein ahozkoa. Ale honetako azaleko diseinua Olga Secorena da.
Batetik, hainbat idazleren testuak batu ditu Idatz & Mintz-en zenbaki barriak: Miren Agur Meaberen Karitatearen alabatxoa kontakizunak zabaltzen dau argitalpena eta, horren ostean, Juanra Madariagaren Bigarrenak eta desolatio izenekoa dator. Beste narrazino bi be badagoz aldizkarian: Pello Zupiriaren Amildegiaren ertzean eta Iratxe Ormatza Imatzen Aketxe.
Zenbaki honetan, poesia Eneko Urizar, Amaia Jauregizar eta Galder Urzaaren eskutik dator. Horrezaz gan, Xabier Bovedak literatura unibersala gurera hurreratzeko egiten dauen sailean, Alejandra Pizarnik idazle argentinarra aukeratu dau. Ahozko literaturearen atalean, Etxera itzuli soldadoa baladea aztertu dau Jabier Kaltzakortak. Horri gehitu behar jako Koldo Mitxelenaren Larramendiana artikulu berreskuratua. Amaitzeko, Sebas Gartzia Trujilloren artikulua dator Fray Juan de Zumarraga, euskal Bartolomé de las Casas izenburuduna.
Beste alde batetik, Etniker Bizkaia aldizkariaren 17. zenbakia be kalean da. Argitalpen hori be Labayruren babespean dator, baina etnografia lantzen dau. Etniker taldeek Bizkaian egindako lanaren barri emoteaz gan, inguruko beste ikerlari batzuen kontuak be badakarz.
Etniker Bizkaiaren 17. zenbakiko lehenengo artikulua Luis Manuel Peñarena da, Karrantzan bedarra zelan erabilten dan zehatz azaltzen dauena. Gaztainondoa eta beste zuhaitz batzuk zelan aprobetxau erakusten daben eta Gautegiz Arteagako Ángel Valenciaren biografiari buruzko artikuluek osotuten dabe beste moltso handi bat aldizkarian. Rosa Mari Ardanzak Ángeles Mendilibar amaren biografiaren bigarren partea batu dau. Ana Olaldek Bilboko kanposantu ingelesari buruz idatzi dau eta Eugenio Altazubiagak Enkarterrin Erdi Aroan gil eta negreteen artean izandako gerrak gogoratu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!