Enekora: 'Nire musikea afrikarra da, baina euskalduna be bai'
2018-01-15 08:08 BarriketanMusikaria.
Afrikatik ekarritako tresna tradizional bat joten dau Eneko Larrañaga zestoarrak, kora izenekoa hain zuzen. Instrumentu horren doinu gozoak dira Enekora proiektuaren oinarria, gaur egun Larrañagak berak eta beste bost kidek osotutako taldea. 2013an, Enekorak bakarlari legez plazaratu eban Kora izpiak diskoa, baina taldeak emoten dauen aberastasuna bilatu dau Maitatzea nahiago izeneko bigarren lan honetan. Afrikako doinuak eta euskerazko berbak nahastauta, bertoko publikoaren belarrietara oihartzun barriak eroatea lortu dau Enekorak. Informazino gehiago Enekoraren Facebook orrian dago.
1.- Enekora proiektuaren ardatza kora izeneko tresnea da, Afrikatik ekarria. Zelan jakin zenduan instrumentu horren barri?
Perkusino afrikarra lantzen eban talde baten joten hasi nintzan orain dala urte batzuk, Ttakunpa izenekoan. Musika eta jantza afrikarrak txalaparteagaz nahastau eta, kontzertuak emoteaz gan, perkusino afrikarra ikasteko ikastaroak egiten genduzan. Korea joten dau orduko maisuetako batek, holan ezagutu neban tresnea. Ganera, musika-tresnak egiten ditu eta berari erosi neutsan nire lehenengo korea. Holan hasi nintzan. Txikitatik soken munduan sartuta ibili naz, gitarrea, baxua eta abar jo izan dodaz eta korea be sokadun tresnea danez, neure buruari esaten neutsan zeozer egin behar nebala haregaz. Pixkanaka joan naz gauzak egiten.
2.- Zelako ezaugarriak ditu koreak?
Funtsean harpa bat da, harpearen aitzindaria edo aititea da. Berezitasuna da, soka bakotxak bere doinu edo nota finkoa daukala, notak ez dira aldatzen sokearen leku baten edo bestean zapalduta. Soinu berezia eta gozoa emoten deutsana zera da, soka bakotxaren doinuak alkarri lotzen jakozala, nota bat amaitu baino lehen hurrengoa hasten da eta harmonia berezi bat sortzen da.
3.- Hemengo publikoa ez dago doinu afrikarretara ohituta. Jentea harritu egiten dau koreak?
Enekora proiektua ez dot gauza berezi bat egin nahian sortu, berez etorri da holan. Baina bai, egia esan, deigarria da jentearentzat, nik dakidala Euskal Herrian beste kora jotzailerik ez dago, ez behintzat neure moduan euskeraz kantetan. Egiten dodan musikea afrikarra da, baina euskalduna be bai, baita mundukoa be. Nahasketea da.
4.- Gehienbat euskeraz abesten dozu, baina Afrikako hizkuntzak be erabilten dozuz batzuetan. Kontinente haregaz dozun loturea koratik harago doa, beraz.
Aspalditik izan dot Afrikako jenteagaz kontaktua, aurreko taldean nengoanetik. Hortik ez dot musikea bakarrik jaso, kantuak, bizipenak, lagunak eta abar be bai. Tradizinoa korearen bidez interpretetea gustetan jat, baina neure ikuspegia sartuta, nik sortutako moldaketakaz. Ni musikan Afrikara joan baino lehen hasi nintzan. Eta hori baino gehiago, korea joten hasi nintzan Afrikara joan aurretik: Lehenengo korea erosi neban, gero joten hasi eta horren bidez joan nintzan Afrikara.
5.- Enekoraren lehenengo diskoan (Kora izpiak) bakarlari ibili zinan. Bigarren disko honetan, ostera, taldeagaz batera. Aldaketa handia izan da?
Bai, atera kontuak, bakarrik egotetik seikote batera pasau naz. Gogotsu nengoan talde bategaz joteko eta oso pozik nago. Bateria, perkusinoa, baxua, saxoa, korista-jantzaria eta ni neu gagoz. Instrumentazino horrek, erritmo aldetik, asko emon deutso gure musikeari, melodiak jantziagoak dira, orokorrean kantu alaiagoak eta indartsuagoak dira oraingoak.
6.- Horrezaz gan, aurreko diskotik hona bestelako garapenik nabaritu dozu?
Bai, duda barik, ze korea joten hasi nintzanean, neure barruko aspektu intimoa eta gozoa landu neban batez be eta, orain, bapatean, lehengoari eutsi arren, instrumentazino eta konposizino aldetik beste ikuspegi batzuk neureganatu dodaz. Esaterako, saxoaren melodiak eta erritmo aldaketak. Azken finean, proiektu bakotxean gehitzen zoaz.
7.- Maitasuna aitatzen dozu diskoaren tituluan. Maitasunezko kantak dira?
Bai, ze korea, harpa klase bat izanik, halako gaietarako aproposa da, daukan gozotasunagaitik. Orduan, bihotzeko kontuetara joten dot askotan. Maitasuna, konfiantzea, norberagan sinistea eta halakoak dira diskoko gai nagusiak. Nire azkenaldiko ibilbide musikalean mugarri moduko bi dagoz: Bata izan zan korea bera ezagutu nebanean eta, bestea, koreagaz egindako kantak horren personalak izanik, biluzte moduko bat dala hori niretzat. Nire gogoak, bildurrak, pentsamenduak eta abar dagoz diskoan. Lehen esan dodanez, taldeagaz joten dodanetik doinu alaiagoak lantzen doguz, baina beti ikuspegi personal horren esentziari eusten deutsat.
8.- Musikeagaz batera, jantzea eta proiekzinoak egoten dira zuen kontzertuetan.
Kontzertuak baino, ikuskizunak dira, nire kantak eta mezuak elementu ahalik eta politenak erabilita jantzi nahi dodaz publikoari helarazoteko orduan. Proiekzinoek eta jantzeak adierazkortasun handia emoten dabe eta jenteak eskertu egiten dau aberaste hori. Ze badago jentea bisualaren aldekoa dana, beste batzuk entzutearen aldekoagoak dira, edo jantzea gustuko dabenak dagoz... Askotariko elementuak landuta, askotariko jenteagana heltzen gara.
9.- Dagoeneko zuzeneko emonaldi batzuk egin dozuez han eta hemen. Zer moduz joan da diskoaren aurkezpena orain arte?
Ondo, Durangoko Azokea baino lehentxuago atera genduan diskoa. Berez, aurkezpena Soreasun egin genduan, baina kontua da ze diskoa ez zala garaiz heldu. Gero bai, ikuskizunak egiten ibili gara eta oso pozgarria izan da, jenteak harrera polita egin deutso diskoari, halako feedbacka eukitea ederra da.
10.- Aurrerantzean be, koreak eskaintzen dituan aukerak arakatzen segitzeko asmorik badozu?
Ilusino handiz begiratzen deutsat etorteko dagoanari. Azken baten, ni ez naz estilo batera mugatzen dan musikaria, gauza barriak topetea gustetan jat. Maitatzea nahiago horren erakusgarri da, leku ugaritako kulturetan oinarritutako piezak dagoz eta. Aurrerantzean be, bide horretatik segidu nahi dot, bide asko dagoz ibilteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!