Irakasleak trebatuko ditue, umeen artean euskerazko irakurzaletasuna bultzatu daien
2018-01-12 13:14 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzearen eta Galtzagorri Alkartearen lankidetzearen emoitzea da proiektu barri hau.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Galtzagorri Alkarteak proiektu barri bat aurkeztu dabe euskerazko liburuak irakurteko zaletasuna sustatzeko ume eta gazteen artean. Ekimen honen bitartez, Galtzagorriko profesionalak Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroetara joango dira, irakasleei lantegi praktikoak eskaintzera. Gurditxu baten euskerazko Haur eta Gazte Literaturako 40 liburu inguru eroango ditue eta horreen bidez landu leitekezan estrategiak azalduko deutsiez irakasleei, honeek ume eta gazteen irakurketarako bitartekari eraginkorrak bihurtu daitezan.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Iñaki Markotegi Galtzagorri Alkarteko presidenteak eta Castillo Suarez idazle eta Galtzagorriko kideak aurkeztu dabe proiektua, Donostian. Azaldu dabenez, ikastetxeetan atzemondako behar bati erantzungo deutso egitasmoak, irakasleek arlo honetan trebatzeko gogoa dabe eta. Hainbat helburu lortu nahi doguz: irakurzaletasuna sustatu, euskerazko literaturea ezagutzera emon, euskerea gozamenagaz lotu, euskera mailea hobetzen lagundu… oso eraginkorra izan leitekeelakoan gagoz, azaldu dau Dobaranek.
EAEko hezkuntza zentro guztiek hartu leikie parte ekimen honetan, urtarrilaren 15etik zezeilaren 5era bitartean eskaria eginda. Izena emoten dabenek Galtzagorriko aholkulariaren bisita bana jasoko dabe ikasturtean zehar. Danetara, 40 liburu inguru eroango ditue eskoletara, liburu guztien gaiak eta ildo nagusiak aurkeztu eta azaldu eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamiken eta estrategien proposamena egingo dabe. Azkenik, parte hartzen daben ikastetxe guztiei gida txiki bat emongo deutsie.
Kontua da ze, irakasleak bihurtu nahi dituela ume eta gazteen irakurketearen bitartekari eraginkor eta motibaduak. Formatu literario bakotxa zelan eta nogaz erabili azalduko deutsie eta irakurteko zaletasuna sustatzeko estrategiak erakutsi.
Euskerazko Haur eta Gazte Literaturako liburuak dagoz egitasmo honen oinarrian. Holan, 25 izenburu aukeratuko dira LH eta HHko irakasleen lantegietarako; eta beste 15 DBHrako. Urtean argitaratutako kalidade handieneko liburuek izango dabe lehentasuna zerrendan, baina klasikoak be izango dira tartean.
Saio guztiak irakasleei zuzenduak izango dira, baina, herri bakotxean, udal liburutegiko langileak be konbidauko ditue, liburutegien eta eskolen arteko sarea indartzeko. Eskoletako saio praktikoez gan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irakasleentzako formazino-saio orokor bana eskainiko dabe, lurralde bakotxeko Berritzegune nagusietan.
Galtzagorrik bideo honetan batu ditu proiektuaren asmoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!