Areatzako toponimia aztertu dau Labayruk

Bizkaie! 2018-01-12 11:37   Euskerea berbagai

Ordu erdiko bideo baten batu ditu lekukoen grabazinoak.

Labayruko eta Areatzako Udaleko ordezkariak eta bideoan agiri diran lekuko batzuk (argazkia: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Joan dan abenduaren 28an, Areatzako udaletxeko aretoan, Arratiako herri horretan egindako toponimia ikerketearen emoitzea aurkeztu eutsen Labayru Fundazinoak bertako agintari eta auzotarrei. Lan hori aurreko urtean hasi zan artxiboetako araketa bibliografikoa eginda. Aurten, artxiboetatik lortutako toponimoen zerrendea herriko lekukoakaz kontrastau dabe, ahozko grabazinoen bidez. Guztira, 30 ordu batu ditue, eta bederatzi lekukok hartu dabe parte.

Toponimoen ganekoak ez eze, herriko ondareari buruzko informazino ugari eta aberatsa batu dau Labayruk ikerketa horretan, besteak beste, artzain eta ikazginen bizimodua, baso-lanak, herriko bizimodua, balnearioa eta beraneanteak… aitatzen dira.

Horren guztiaren barri ordu erdiko bideo baten bidez emon eben abenduaren 28ko ekitaldi berezian. Bertan, lekukoei grabautako pasarteak erakutsi zituen, bai toponimiaren gainekoak zein bizimoduari buruzkoak. Egitasmoan parte hartu daben lekuko gehienak, senitartekoak eta herritarrak, berrogei persona inguru, batu ziran aurkezpenean. Ganera, Areatzako Udalaren izenean, Asier Garcia alkatea eta Yazmina Beobide zinegotzia egon ziran. Labayru Fundazinoaren ordezkariak, ostera, Adolfo Arejita zuzendaria eta egitasmoan parte hartu daben Maider Etxebarria eta Akaitze Kamiruaga izan ziran.

Bideoa ikusi eta gero alkateak lekuko bakotxari bertako produktuakaz osotutako otzara ederra emon eutsen esker ona adierazoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu