Bertsolariak, musikariak eta aktoreak alkarregaz Mungiako oholtzan

Bizkaie! 2018-01-12 10:53   Bertsolaritzea

Urtarrilaren 27ko Bertso Egunean parte hartuko dabenak ezagutarazo ditue.

Bertso Eguna 2018 | Ikusi handiago | Argazki originala

Aste bi pasautxu baino ez dira falta Bertso Egunerako eta dagoeneko egitarauaren zehetasun guztien barri emon dabe Bertsozale Alkartekoek. Urte bateko etenaren ostean, barritasun ugarigaz dator ekimena, horreen artean Donostiatik Mungiara egingo dau jauzia aurten.

Eguerdian izango da lehenengo ekitaldia Torrebillelan. Bertan, Alaia Martinen esanetara musikarien eta bertsolarien arteko gogoetea egingo da. Oiartzungoagaz batera izango dira Rafa Rueda eta Maria Rivero musikari eta abeslariak eta Jon Maia bertsolaria. Jarraian, poteoa izango da Mikel Barandiaranek eta Julene Otegik girotuta.

Bazkariaren proposamena aldatu egin da ohiko Bertso Egunetik. Zaleak hiru taldetan banatuko dira egindako aukeraketearen arabera. Bertsozale guztiak herriko plazan batuko dira eta Bertsozale Alkarteko eta Taket bertsolaritza alkarteko lagunek lagunduko ditue gune bakotxera. Bikote bana ibiliko da kantuan alkarte gastronomiko bakotxean: Julio Soto eta Onintza Enbeita Ehiza eta Arrantza alkartean; Sustrai Colina eta Miren Amuriza Anaitasuna alkartean; eta Igor Elortza eta Jone Uria Guri Zer alkartean.

Jaialdian bost bertsolarik parte hartuko dabe: Amets Arzallusek, Manex Agirrek, Sebastian Lizasok, Oihana Bartrak eta Unai Iturriagak. Alaitz Rekondok jarriko deutsiez gaiak. Bertsozale Alkartekoek iragarri dabenez, artista konbidaduak be izango dira ekimenean, baina ez ditue danak aurreratu nahi izan. Aitatutakoen artean dagoz, besteak beste, Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria eta Jon Martin bertsolaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu