Alea aldizkaria azala eta mamina barriztauta dator

Bizkaie! 2018-01-11 12:52   Euskerea berbagai

Atal gehiago gehitu deutsiez argitalpenari.

Argazkia: Alea aldizkaria | Ikusi handiago | Argazki originala

Araba mailako euskerazko idatzizko hedabide bakarra da Alea, 2012ko udagoienean ikusi eban argia lehenengoz, hainbat eragileren alkarlanari esker: Aiaraldea Komunikazino ataria, Goiena, Berria eta Geu Gasteiz Euskalduna alkartea izan ziran argitalpen barriaren bultzatzaileak.

Orain, barriz, aurrerapausu bat emon nahi izan dabe eta hobetzen segiduteko konpromisoagaz bat eginez, papeleko aldizkaria barriztau dabe, izan be, Aleako lantaldeak argi dauka: Arabarrok euskerazko komunikabide duinak merezidu doguz.

Aldaketa ugarigaz dator aldizkaria, horreen artean dago egunkari-itxurako papel fina atzean itxi eta orrialde gogorragoak erabilteko asmoa, adibidez. Era berean, diseinua be freskau egin dabela dinoe Alea-koek irakurketea atseginagoa izan daiten, horretarako irudiei eta, oro har, orrialdeen maketazinoari arreta berezia jarriko deutsie.

Formatuaz gan, gaien egiturea be aldatuko da aldizkarian. Asteroko Arabako Txokoa atala eta antzerki eta diseinu kolaborazino barriak jasoko ditu Aleak. Eretxi atalari be espazio gehiago eskainiko deutsie, eta, gaiak Koadrilaka atondu beharrean, gaika eskainiko dira, beti be lurralde osoko ikuspegia galdu barik. 

Proiektua gehiago ezagutarazoteko asmoz, bestalde, komunikazino-lan egonkorra egin nahi dabe udabarritik aurrera. 

Alea-ko lantaldeak azaldu dauenez, proiektua guztion artean eregi beharrekoa da, eta horretarako ekarpenak eta kolaborazino-proposamenak jasoteko helbidea zabaldu dabe: erredakzioa@alea.eus.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu