Bizkaiko kobazuloen bisitaldi birtuala Karrantzara heldu da

Bizkaie! 2018-01-10 10:05   Kulturea

Erakusketa honen bidez, labar-artearen altxorrak ezagutzeko aukerea egongo da.

Santimamiñe kobazuloa | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur inaugurauko dabe K. o. 2018. Paleolitikoa. Kobazulotik Pixelera erakusketa ibiltaria Karrantzan, Lekeition egon eta gero. Orain bisitariek aukerea izango dabe Karrantzan kokatuta dagoan Ventalaperra kobazuloaren bisitaldi birtuala egiteko eta bere barruan gordeten dituan labar-artearen altxorrak ezagutzeko. Horrezaz gan, beste bisitaldi birtual bi egin ahal izango dira, Armintxe eta Santimamiñe hatxuloetakoak. Armintxe Lekeition dago eta bertan, orain dala 14.000 urte egin ziran berrogeita hamar grabadu inguru topau ditue; kalidade tekniko handikoak eta aparteko ikusgarritasunagaitik oso bereziak eta balio handikoak dira.

Erakusketea Bizkaiko kobazulo askotan agiri dan arte paleolitiko ikaragarri eta aberatsaren adibide txiki bat baino ez da. Azken urte honeetan erakunde, arkeologo eta espeleologoen arteko alkarlanari esker, historiaurreko artea daben kobazulo honeetako artelan asko lehengoratzeko eta aztertzeko aukerea egon da.

Orain arte Ventalaperra (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi) eta Arenaza (Galdames) kobak ziran Bizkaiko kobarik ezagunenak, baina oraintsu honako honeek be gehitu ditue zerrendara: El Rincón (Karrantza), Askondo (Mañaria), Atxurra (Berritua), Lumentxa  eta Armintxe (Lekeitio) eta Morgota (Kortezubi), besteak beste.

Gaurtik zezeilaren 18ra arte Karrantzan bisitau ahal izango dan erakusketan, kobazuloetan egin diran lanak eta horreen emoitzak dagoz ikusgai. Teknologia barrien laguntzinoagaz, sormenagaz esperimentau egiten da erakusketan eta XXI. mendeko euskarriak erabilita, arte paleolitikoa oinarri tradizionaletan aurkeztutako sorkuntza barriagoakaz lotzen da. Iraganetik gaur egunera keinu bat eginez.

Horrezaz gan, arte paleolitikoa eta arte garaikidea eta digitala zelan buztartzen diran ikusi ahal izango dabe bisitariek, Miquel Barceloren lanari esker.

Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako erakusketa hau, joan dan urteko urtarrilean Bilboko Rekalde Aretoan egon zan ikusgai lehenengoz eta milaka bisitari izan zituan, digitalizazino-proiektu honen lehen pausua izan zan, ordutik hona hasierako erakusketa hori egokitu eta beste udalerri batzuetara eroan da, Lekeitiora esaterako. Orain, barriz, Karrantzako Turismo Bulegoan egongo da zezeilaren 18ra arte, martitzenetatik zapatuetara, 10:00etatik 14:00etara. Erakusketa ibiltaria danez, Karrantzan egon ostean Mañarian eta Galdamesen be izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu