Historiako pelikularik onenak, Azpitituluak webgunean

Bizkaie! 2018-01-10 09:29   Zinemea

Proiektuaren 10. urteurrenean, 25 film horreek euskeraz egotea bermatu dabe.

Goio Aranak mosaiko honetan batu ditu 25 pelikulak | Ikusi handiago | Argazki originala

Ez da erraza zehaztea zeintzuk diran zinemagintzearen historiako pelikularik onenak, baina Sight&Sound aldizkari ingelesaren zerrendea ei da fidagarrienetako bat. Sailkapen horren 2012ko edizinoan oinarrituta, historiako 25 film onenak izan leitekezanen euskerazko azpitituluak egon behar zirala erabagi eban Joxe Aranzabal webguneko kide aktiboak. Esan eta egin: Dagoeneko eskuragarri dagoz pelikula horreen euskerazko azpidatziak Azpititiluak webgunean.

Izatez, 50 pelikulako zerrendea plazaratzen dau lantzean behin Sight&Sound-ek, baina Aranzabalek 25 onenak euskeratzeko helburua ezarri dau. Batzuk lehendik be egon dira Azpitituluak plataforman, Aranzabalek berak edo beste kideren batek itzulita. Zerrendea osotuteko falta ziranak euskeratu eta publiko egin ditu, beraz.

Sight&Sound aldizkariaren zerrenda horretan danetariko lanak dagoz, zinema mutuaren sasoietatik hasi eta barriagoetaraino. Halandabe, 1979koa da 25 onenen sailkapeneko pelikularik barriena (Francis Ford Coppolaren Apocalypse now). Zuri-baltzezko zein koloretako filmak dagoz tartean, Hollywooden, Sobiet Batasunean, Ingalaterran zein Japonian egindakoak, besteak beste. Lehenengo postuan Alfred Hitchcocken Vertigo dago.

Kontuak kontu, 846 adituri egindako inkestea izan da Sight&Sound-ek zerrendea egiteko erabilitako erespidea.

Obra bikain horreek guztiak euskal zinemazaleen eskura dagoz orain, izan be, Azpitituluak webguneko itzulpenak edonork erabili leikez. Webgunetik artxiboa deskargau eta jatorrizko filmaren jagokon bersinoagaz sinkronizau besterik ez da egin behar. Era horretara, erabiltzaileek jatorrizko bersinoan eta euskerazko azpitituluakaz ikusi leikiez pelikulak.

Historiako pelikularik onenak ei diran 25 horreez gan, beste asko be topau leikiez zaleek Azpitituluak webgunean, kide askoren ahaleginari esker urteotan euskerazko film ugari azpititulau ditue eta. Proiektuak hamar urte bete ditu dagoeneko. Dana dala, Luistxo Fernandez webgunearen bultzatzaileak egunotan azaldu dau ardura hori itxiko dauela eta lekukoa hartuko deutsan gazteren  baten bila dabilela. Bateren bat agertuko ez balitz, proiektua amaitutzat joko leuke, baina webgunea zarratu barik, zaleek euskerazko azpitituluak deskargetan segidu ahal izan daien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu